Barakaldok amaitu du Gorostitzan zehar 3,4 kilometroko ibilbidea duen bizikletetarako landa-zirkuitua

0

Barakaldok Cross Country (XC) kirol-zikloturismoko zirkuitu bat edo bizikletetarako landan zeharreko zirkuitua du Gorostitzako birika berdean. Bizkaiko lehen udal-zirkuitu iraunkorra da, udal batek sortua eta mantendua, eta 48.400 euroko inbertsioa eragin du (BEZa barne). «Barakaldoko % 63 baino gehiago berdea da; eremu natural hori ahalik eta gehien ustiatu behar dugu, eta urte asko daramagu bi gurpilen eremua lantzen.  Eremu horrek zirkuitu bakarra, doakoa eta guztiz naturala sortzeko aukera ematen zigun, hain zuzen ere.  Biker munduarentzat erreferente bihurtuko den espazio bat, gure hiria erreferentzia bihurtuko duena esparru honetan», azaldu du Amaia del Campo alkateak.

Tellaetxe parkean sortu da kirol-ekipamendu berria, barakaldarren aisialdirako eta atseden hartzeko eremu zabalean. «Bizikletazaleek aspaldian egindako eskariari ¿ bizikletan ibili eta hartaz gozatzeko natur ibilbideak sortzekoa, alegia – erantzuteko sortu da egitasmoa hau», azaldu du Del Campok.    «Eremu berde honen alde egin dugu apustu, zirkuitu berria parkearen egungo irudiarekin bat egin dezan, parkearen gainerako erabilera guztiak aintzat hartuz, eta harekin batera biziz».

Bi ibilbide ditu zirkuituak. Bata, 3,4 kilometrokoa. Ibilbide zirkularra da, maila ertain-altukoa, eta 120 metroko igoera desnibela du. Bigarrena, berriz, laburragoa; 750 metrokoa, zaletu orokorrentzat nahiz zaletu berrientzat pentsatua. Bigarren ibilbide hori oso erakargarria da era horretako zirkuituez gozatu nahi dutenentzat, oztopo desberdin ugari dauzkalako.

32 peraltez, hainbat dubiz, rock garden batez eta jauzietarako pasabide batez hornituta dago zirkuitua.  Lurra modelatu dute, korrikalariek esperientzia bikaina izan dezaten ibilbidea egitean. Horrezaz gainera, seinaleak ere jarri dira pasaera antolatzeko. «Barakaldon gero eta bizikletazale gehiago dago. Guk argi daukagu. Barakaldo gero eta berdeagoa eta iraunkorragoa nahi dugu, eta bide horretan bizikleta da gure aliatu onenetako bat. Horregatik, gaur aurkezten ari garen zirkuitu hau bezalako aisialdi osasungarriko guneez gain, 16,5 kilometro baino gehiago dituzten gure bidegorriak zabaltzeko lanean ere ari gara», azpimarratu du alkateak.