Bilera egin zuen ostiralean eta gaur goizean bertan Barakaldoko Udaleko Erasoen Aurkako Mahai berriak , azken egunotan ezagututako eraso matxista bi gaitzesteko. Elkarren artean loturarik ez duten kasuak dira, eta, erasoak jasan dituzten emakumeek baimena eman ondoren, erasoen aurkako Mahaiak aztertu ditu, eta, erantzun publikorako Barakaldarren protokolo berria kontsultatuta, erabaki du adierazpen instituzional bat argitaratzea, puntu lila duen pankarta bat jartzea udaletxeko balkoian eta salaketa publikoa egitea sare sozialen bidez. Gainera, protokoloak jasotzen duen bezala, Barakaldoko Udala herri-akusazio gisa aurkeztuko da bi kasuetan.
Rakel Olalla Emakume zinegotziak mahaikideei jakinarazi dienez, gertaeren berri izan zutenetik, erasoa jasan zuten emakumeekin harremanetan jarri ziren, erakundeen babesa helarazteko eta arloko baliabideak eskaintzeko.
Mahaiak gaitzespen publikorako testu bat adostu du, eta udaletxeko balkoian puntu lila ageri da, salatutako gertakariak gaitzesteko. Horrez gain, webguneak eta udaleko sare sozialek Barakaldok ez du onartzen emakumeen aurkako indarkeria testua erakutsiko dute.
Hiriko elkarte feministek, emakume taldeek, LGTIQ+ kolektiboak, Udaltzaingoak eta Emakumeen Arloak eta udaleko alderdi politikoek osatzen dute Erasoen Aurkako Mahaia. Elkarrekin aztertzen dute gertatutakoa, eta gertakariei erantzun publikoa emateko ekintzak erabakitzen dituzte, joan den urtearen amaieran onartutako dokumentuan oinarrituta.