Gizonezko bat atxilotu du Barakaldon musukoa janzteko eskatu eta entzungor egin ondoren, agentea bati eraso egiteagatik

0

Angel Madrazo Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak jakitera eman duenez, asteburuan Barakaldoko Udaltzaingoak Inauteriekin batera egindako antolaketaren emaitzen berri eman du. Pilaketak gerta zitezkeen ekitaldirik programatu ez bazen ere, agenteak Eusko Jaurlaritzak agindutako osasun-neurriak errespetatzen ote ziren zaindu zuten, Covid-19ren hedapena saihesteko.

Madrazoren esanetan, poliziaren presentziak asteburua normaltasun parametro batzuen barruan garatzen lagundu du.

«Ostalaritzako lokalek  jarritako neurri gehienak bete dituzte, orain arte bezala, eta telefono-dei batzuk baino ez dira egin, talde bakoitzeko lau lagun baino gehiago zeudela ohartaraziz, eta Udaltzaingoak bezeroei gogorarazi die ezinezkoa dela 4 lagunetik gorako taldeak dituzten mahaiak biltzea», azaldu du zinegotziak.

Halaber, gizon bat atxilotu dute, agintaritzaren agenteari eraso egitea egotzita. «Nahitaez erabili beharreko musukoa jartzeari uko egin izanak eragin du atxiloketa. Herritarrak behin eta berriz ez die jaramonik egin udaltzainek musukoa jartzeko emandako aginduei, agenteak bortizki iraintzen hasi da eta, azkenean, haietako bati eraso egin dio «, deitoratu du Angel Madrazok.

Horrelako jokabideak deitoratu egin ditu Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko  zinegotziak, inguruko beste udalerri batzuetan ere gertatu baitira, eta gogorarazi duenez, «Udaltzainek Coviden aurkako neurriak betetzen direla kontrolatzen dute, eta ez-betetzeren bati erantzuteko jarduten dutenean, modu eredugarrian betetzen duten gainerako herritarren ongizatea bermatzeko egiten dute».

«Tamalgarria da gainerako herritarrekin insolidarioak direnak ere agenteekin jarrera oldarkorrak izatea, atxilotutako gizonarekin gertatu den bezala», azpimarratu du Madrazok.

Azkenik, Angel Madrazok jakinarazi duenez, Udaltzaingoak 47 salaketa jarri ditu asteburuan Coviden aurkako neurriak ez betetzeagatik, eta beste 15 salaketa botiloia egiteagatik.