Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Ondarroako portuko arrain-lonja berria bisitatu du, eta arrantza-sektoreko ordezkariekin bildu da brexitaren osteko egoeraz hitz egiteko.
Ondarroako portuko lonjaren azpiegitura berria eraikitzeko obraren I. faseari 2019ko martxoan eman zitzaion hasiera, eta jada amaituta dago; horri esker, arrantza-sektoreak eraikin berrian egin ditzake arrain-deskargak eta, hartara, gaur egun horretarako erabiltzen den kai-eremua libera daiteke II. faseari ekiteko. Azpiegitura 2023ko urtarrilean amaituta egotea aurreikusten da. Ondarroa Aldi Baterako Enpresa Elkarteari adjudikatu zitzaion obra 16.600.108,28 eurotan (BEZik gabe).
Ondarroako portua Kantauriko garrantzitsuenetako bat da deskargen bolumenari dagokionez, eta euskal kostaldean alturako eta baxurako arrainak deskargatzen dituen portu bakarra da. Eraikin berriak bi bolumen ditu, bina solairurekin. Beheko solairua arrantza-jarduerarako erabiltzen da; iparraldeko hegala alturako arrantzatik datorren arraina jaso eta presta dadin antolatu da, eta hegoaldeko hegala baxurako arraina sar dadin. Erdialdean enkante-aretoa dago.
Gaur egindako bisitan, sailburuak arraina deskargatzeko, sailkatzeko, pisatzeko eta erakusteko gunea ikusi ahal izan du, baita enkante-aretoa edo lehen salmentako aretoa ere.
Enkante-areto berri hori inguru honetan sistema informatikoa duen lehena da, eta aukera ematen du, bide elektronikoak erabiliz, portuan egiten diren bi arrain-enkante motak egiteko, nahiz eta enkante mota bakoitzak jarduteko modu erabat desberdina duen.
Baxurako arrainak beheranzko enkantean ateratzen dira erloju tenporizadore bidez, eta enkante horretan prezioaren araberako eskaintzak egiten dira. Alturako arrainak, berriz, gorantz eta loteka ateratzen dira enkantean, enkantegileak ezartzen duen denboraren barruan egiten diren banakako eskaintzen bidez; denbora hori amaitzen denean, eskaintzak jaso, eta zenbateko handiena duen eskaintzari adjudikatzen zaio lotea.
111 salmenta-puntu digital eta software aurreratua
Salmenta-areto berriari esker, aldi berean egin daitezke bi salmenta, orain arte ezinezkoa zena, salmentak leku, espazio eta denbora desberdinetan egiten baitziren. Salmenta-aretoak elementu hauek ditu: 111 salmenta-postu digital, enkantegileentzako bi etxola, arraina zuzenean ikusteko lagin-lerro bat, enkantea bistaratzeko bi mailatako pantailak, arraina saltzeko software aurreratua eta enkantegile-postu bakoitzarekin konektatutako megafonia-sistema.
Sistema berri horrek aukera ematen du egindako eskaintza bakoitza erregistratzeko eta arrainen salmenta-etiketak egiteko, prozesuak optimizatuz, denborak minimizatuz eta une oro produktuaren trazabilitatea bermatuz.
I. faseko obrak amaitu ostean, obrak jarraipena izaten ari dira Egidazu kaiaren hegoaldeko eremuan. Azpiegituraren II. fasean, merkaturatzeko lan-eremua eraikiko da batez ere, baita kamioiak eta furgonetak kargatzeko kaia eta zenbait instalazio osagarri ere. Gainera, udalerriak oinezkoen aisialdirako espazio handi izango du lehen solairuko plaza publiko handiari eta lonjaren inguruko urbanizazioari esker. Espazio handi horretan, beraz, portuko bizitza eta hiri-bizitza uztartuko dira.
Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak bere gain hartuko du eraikinaren kudeaketa eta zuzendaritza, I. fasearen amaieraren eta II. fasearen amaieraren artean dagoen behin-behinekotasun egoera horretan. Lonjako ia espazio komun guztiak kudeatuko ditu eta horien funtzionamendu- eta mantentze-kostuak bere gain hartuko ditu; izan ere, ez ditu administrazio-emakida baten mende dauden espazioak kudeatuko, horiek jada esleitu baitzaizkie Ondarroako portuko operadoreei.
Bilera sektorearekin, Brexitaren osteko egoerari buruz hitz egiteko
Bisitaren ondoren, sailburua arrantza-sektoreko ordezkariekin (altuerakoekin, baxurakoekin eta komertzializatzaileekin) bildu da Brexitaren ondorioak aztertzeko eta Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriei buruz hitz egiteko, baita egoera berriak arrantza-jarduerari kalterik egin ez diezaion egin beharreko urratsei buruz hitz egiteko ere.
Datozen 5 urteetan, Europako eta Euskadiko flotak orain arte arrantza egiten zuen tokian arrantza egiten jarraitu ahal izango du, baina Britainia Handiko flotari arrantza-kuotak pixkanaka lagatzearen truke, % 25eko murrizketara iritsi arte.
Horrenbestez, Britainia Handiko flotak, arrantza-kuota handitzeaz gain, merkatu-kuota handituko du Europan —inolako kosturik gabe—; izatez, kuotak urtez urte igotzeari esker, bere eskaintzak gero eta dimentsio handiagoa izango du eta, hortaz, kokapen hobea izango du merkatuan.
Horrekin guztiarekin, eta Erresuma Batuak kanporatu duen Europako flotak gaur egun dituen arazo logistikoak eta burokratikoak kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du zehaztutako aldi iragankor hori ez dela nahikoa, eta Euskadiko flotaren hurrengo urteetako egoera zalantzaz beteta dagoela, batik bat kontuan hartuta epe hori amaitutakoan kuotak urtez urte negoziatuko direla Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren artean.
Bileran, Eusko Jaurlaritzak sektoreko ordezkariei jakinarazi die euskal flotaren kuotak jaisteak datozen 5 urteetan izango duen eragina aztertuko duela, baita Erresuma Batuko arrantza-flotaren eskaintza handitzeak Europako merkatuan izango duen eragina ere.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Ministerioari eskatuko dio zehatz-mehatz argitzeko Euskadiko flotarentzat eragina duten Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko hitzarmenaren ondoriozko erabakiak.