URAk Axpe-Busturiako Amunategi errekaren tarte baten egokitzapen hidraulikoa lortzeko lanak lizitatu ditu

0

URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikiak, obrak gauzatzeko kontratu berri bat lizitatu du: Busturiako Axpe auzoan Amunategi errekaren zati bat egokitzeko eta estaldura bat kentzeko lanak. Lizitazio-aurrekontua 510.500 €-koa da, gehi BEZa, eta esleitzen den unetik obrak gauzatzeko epea 8 hilabetekoa da.

Amunategi errekaren eta haren hurbileko ingurunean uholde errepikariek erasanak sortzen dituzten zati bat da lan berri hauen eremua.  Bertan bat egiten dute, alde batetik,  artifizialki estututako ibilgu baten zabalera eskasak eta,  bestetik,  errekaren hedapen-ibar naturaletan,  hirigintza-erabilera sentikorrak jarri izanak.

Era berean, errekaren zati handi bat degradatuta dago: ibilgua  estalita izateagatik, azken hamarkadetako ertzak bertikalean finkatzeko obrengatik,  eta espezie inbaditzaileak hedatu izateagatik.

Horregatik guztiagatik, orain lizitatzen diren lanen helburua da, batetik, eremu horretako uholde-arriskuaren ondorioak arintzea, eta, bestetik, ingurumen-kalitatea berreskuratzea. Zehazki:

Alde batetik, 100 urteko errepikatze-denborarako uholdeen ondorioak arindu nahi dira: lurpeko ibilguaren tartea laburtuz, eta ibilguaren sekzioa handituz.

Bestalde, eskuinaldeko euste-hormen egiturak indartuko dira, harri-lubetak baliatuz.

Eta, azkenik, Amunategi errekaren eta bidearen arteko eremuaren ingurumen-hobekuntza sustatuko da, ibilguaren norabidea aldatu gabe.