URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikiak, lizitatu berri du Mungiako herrigunetik igarotzean Butroe ibaiaren uholdeei aurre egiteko lanen proiektuaren idazketa (92.000 euroko aurrekontua gehi BEZa, eta gehienez ere 8 hilabeteko iraupena).
Mungian, uholde esanguratsuak maiz-edo gertatzen dira, uholdeen emariek ohiko ibilguaren sekzioaren edukiera gainditzen dutelako: alegia, uholde-ibarrak hirigintza-erabilera sentikorrez okupatu baitira. Gainera, ur-askoko sasoietan, Butroe ibaiaren ur-laminak gorantz egiteko joera gehigarria du Mungiako herrigunea igarotzean: sekzioaren estuguneek eta zubi-motako egiturek eragindakoak, uren jario egokia oztopatzen dutenak.
Lizitatu den proiektuaren xedea da Mungiako herri-ingurunea eta ibaian beherako tartea babestera bideratutako alternatibak edo konponbideak aztertzea, Butroe ibaiaren 100 urteko errepikatze-denborako uraldiek eragindako erasanei aurre egiteko.
Irtenbide posible horien artean daude Lauaxeta Olerkari kaleko zubia ordezkatzea, ibilguan dauden oztopo jakin batzuk kentzea edo ordezkatzea (eraikinak, besteak beste), eta beharrezkoak diren ertz-babesak egokitzea.
Era berean, egungo ibilguaren ezkerraldean dagoen meandro zaharra berreskuratzeko aukera aztertu beharko da, Bi-631 errepideko zubiaren aurreko zatian.
Aztertu beharreko jarduerek demarkazioko Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean jasotako jarraibideak hartuko dituzte kontuan.
Eraikuntza-proiektuak soluzio hidrauliko onuragarriena garatuko du, gauzatu beharreko jarduketak erabat definituz. Hau da, egin beharreko lanen helburua eraikuntza-proiektu oso bat idaztea da, indarrean dagoen araudia eta Plan Hidrologikoaren eskakizunak kontuan hartuta.