Usoei jaten ematea debekatua dagoela gogorarazi du Barakaldoko Udalak

0

Barakaldoko Udaleko Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloak gogorarazi duenez, usoei kontrolik gabe jaten ematea kaltegarria da haien osasunerako, eta debekatuta dago udalerri osoan. Hori dela eta, ez da ogirik edo bestelako elikagairik eman behar usoei edo beste animalia batzuei, ez eta kalean utzi ere, aldez aurretik horretarako baimenik izan ezean, behintzat.

Alba Delgado Arloko zinegotzi ordezkariak gogorarazi duenez, toki jakin batzuetan usoak ugaritu direlako kexak jaso ohi dira. Zenbaitek animalia horiei jaten ematean sortzen da hegazti horien gehiegizko populazioa.

«Usoei janaria botatzea kaltegarria da osasunerako, animalia horien kopurua kontrolik gabe handitzen laguntzen duelako. Horrek, bizilagunei eragozpenak eragiteaz gain, gizakiari kutsa dakizkiokeen gaixotasunen agerpena errazten du; adibidez, arkakusoek eta eztenek eragindako epidemiak eta ezkabia», gogorarazi du Alba Delgadok.

Era berean, SEO/BirdLife-ren gisako ornitologian espezializatutako elkarteek ohartarazi dute usoei kontrolik gabe jaten ematea kaltegarria dela usoentzat eurentzat, eta, ondorioz, gaixotasunak sortzen dizkietela, karbohidrato gehiegi dituztelako.

Gogoratu behar da, gainera, Bide Garbiketako Udal Ordenantzak debekatu egiten duela kalea Udalaren baimenik gabe zikintzea ekar dezakeen edozein jarduera, besteak beste, usoak elikatzeko janaria uztea.