X-topiak, MARTX UP!-eko proiektua Donostian

0
PRUEBA

MARTX UP! Egitasmoaren baitan 4 proiektu landuko dira datozen asteetan banaka aurkezten joango gatzaizkizuenak. Formakuntza saioak martxan dira dagoeneko eta adierazi nahi dizuegu proiektuen barne lanketari ekin zaiola eta hilabete batzuren buruan ezagutzera eman eta martxan jarriko direla.
Hona hemen proeiktuen artean lehena, X-topiak: genero-ariketak eta queer-laborategiak izenekoa.

X-topiak: genero-ariketak eta queer-laborategiak

Donostian bizi garen hiru gazte gara. Sexu/genero disidentzian kokatzen dugu geure burua, eta hain zuzen, Donostiako Transmarikabibollo-feminista Koordinadora eta Asanbladan parte hartzen dugu, besteak beste Ekainak 28ko manifestazioa antolatzen eta bestelako ekimenak plazaratzen.

Zer-nola eragin du COVID19 birusaren ondoriozko salbuespen egoerak komunitate LGTBIQ+ kideongan? Galdera honen bueltan askotariko bizipenez jardun dezakegun arren, maiatzaren 14 biharamunean irakurri genuen Espainiar Estatuko LGTBIQ+ pertsonen gutxienez heren batek espazio publikoan desio bezala adierazteko mugak sentitzen dituela eta beldurrak ez direla bakarrik “atzoko kontuak”. Hortaz, integrazio politikek aukera batzuk sortu dituzten arren, nahikoa izan ez direla ebatzi daiteke.

Hala ere, guretzat garrantzitsuena integrazio sistema berari erreparatzea litzateke. Integrazioak zer esan nahi duen galderatik abiatuta beste hamarnaka gogoetara heldu arte. Hain zuzen, hausnarketa eta tolesdura hauetatik ernaldu da komunitatea indartzeko gogoa. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaigu aktualitateari erantzungo dioten ohitura, erritu eta kultura berriak azaleratzea. Estetika eta politika queer-ak iradokitako topaguneak sortzea, programazio eta estrategia propio batekin. Bide honetan formazioa eta laborategi korporalak bezalako tresnekin lan egin nahi genuke, teoria eta praktika erabat nahasteko.

Aurretik aipatutako arrazoiengatik eta hirurok batzen gaituen zaletasun filosofikoa dela eta, proiektu honetara aurkeztu gara. Bide horretan, bakoitzaren interes eta bertuteez hornitutako programazio kultural-queer bat diseinatu nahi dugu, hiri honetan horretarako espazio bat beharrezkotzat jotzen dugulako. Gure proposamenak topagune transdiziplinar bat sortzea bilatzen du. Metodologiak birpentsatu eta parte hartzea sustatuz jabekuntzarako gailu izan dadin.