Etxebizitza Sailak Errenterian gazteentzako 51 zuzkidura-bizitoki adjudikatzeko prozesua hasiko du

0
PRUEBA

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak datozen egunetan argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Errenterian 51 alokairuko zuzkidura-bizitoki (AZB) adjudikatzeko prozesua hasteko agindua. Bizitoki horiek guztiak 36 urtetik beherakoei zuzenduta daude, aldi baterako alokairukoak dira, eta helburu dute etxebizitza bat legez okupatzeko premiei aurre egitea hori lortzeko zailtasunak dituzten kolektiboen barruan (kasu honetan, berariaz, gazteen artean).

Errenteriako Udalak lagatako lurzoruan Eusko Jaurlaritzak sustatutako 51 zuzkidura-bizitokiak Arramendi eremuan daude, eta hilabeteka okupatu ahal izango dira, gehienez ere urtebetez. Epe hori lau aldiz luzatu ahal izango da. Adjudikaziodun suertatzen direnek hilean kanon bat ordainduko dute, eta kanon hori haien diru-sarrera haztatuen % 30 izango da gehienez ere. Bizitokietatik hiru mugikortasun urriko desgaitasuna duten gazteentzat izango dira, eta gainerako 48ak honela banatuko dira: hiru, eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonentzat edo familientzat; zazpi, egiaztatutako etxebizitza-premia berezia dutenentzat; eta 38, onartutako gainerako pertsonentzat.

Prozesuan sartzeko, ezinbestekoa da 36 urtetik beherakoa izatea, Donostialdea-Bidasoa Behereko eremu funtzionalean alokairuko etxebizitzaren eskatzaile gisa alta emanda egotea Etxebideko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan agindua argitaratu aurretik, Errenterian erroldatuta egotea, aurreko bi urteetan jabetzako etxebizitzarik, azalera-eskubiderik edo gozamen-eskubiderik ez izatea eta 3.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak izatea 2019ko errenta-ekitaldian (inskripzioan sartutako titularren diru-sarreren batura). Azken irizpide ekonomiko hori ez da kontuan hartuko mugikortasun urriko desgaitasuna edo desgaitasun psikikoa duten pertsonen, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonen kasuan.

Eskabide guztiak baremoa ezartzeko, kontuan hartuko dira diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko pertsona kopurua (ezin da hirutik gorakoa izan), eskatzaileen erregistroko antzinatasuna eta etxebizitza-premia bereziko egoerak, baleude.

Agindua aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak, telematikoki, www.etxebide.euskadi.eus helbidean, aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuan (Andia kalea 13, Donostia), aurretiko hitzorduarekin, edo posta bidez (Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza, Andia kalea 13, 6.a, 20004, Donostia).