Bihar, otsailak 17, “Joko Arduratsuaren Nazioarteko Eguna” ospatuko da. Datarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzak jakinaren gainean eta parametro osasungarrien barruan jokatzea sustatzeko konpromisoa berretsi du. Testuinguru horretan, joko arduratsua bultzatzeko kanpaina hezitzaileak sustatzen ditu eta prebentzioko eta gainerako euskal erakundeei laguntzeko programak babesten ditu. Bestalde, Jaurlaritzak adikzioak saihesteko eta joko patologikoari aurrea hartzeko ere lan egiten du.
Horrela, 2020an, Eusko Jaurlaritzak irabazi asmorik ez duten eta gaian adituak diren elkarteen sei proiektu finantzatu ditu. Elkarteok jokorako adikzioa duten pertsonei laguntzen eta gizartea joko osasungarriaz kontzientziatzen lan egiten dute:
- ASAJER, Errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartea, “Sarean jokatzen dugunean… dena azkarragoa da” kanpaina abian jartzeko. Ausazko jokoen eta teknologiaren inguruko prebentzio-kanpaina bat da, eta helburua da herritarrak kontzientziatzea bi jarduerak, jokoa eta sarea, alegia, batzearen arriskuaren inguruan. Kanpaina honetan materialak prestatzen eta banatzen dituzte eta informazio- eta prebentzio-jarduerak egiten dituzte.
- Ekintza-Aluviz. Bizkaiko ludopatentzako laguntza elkartea, “Haiei galdetu” kanpaina abian jartzeko. Proiektuan joko patologikoak eragindako pertsonak eta horien familiartekoak dira parte-hartzaile aktiboak eta protagonistak. Animazio sozio-komunitarioaren metodologia erabiltzen dute nahasmendu patologikoa duten pertsonen eta ingurukoen egoera erakusteko. Helburua da gizartea kontzientziatzea ausazko jokoak eta kirol-apustuak ardurarik gabe erabiltzeak dituen arriskuen eta gizartean horiei buruz dauden gezurrezko usteen gainean.
- Fundación IZAN Fundazioa, osasunaren arloko profesionalak eta gizarte-langileak sentsibilizatzeko eta informatzeko proiektu bat abian jartzeko, arazora hurbil daitezen eta hautematen jakin dezaten. Horrez gainera, ikastetxeekin lan egiten dute irakasleei, ikasleei eta orientatzaileei jokoan erabiltzen diren teknologia berrien arriskuen berri emateko. Helburu nagusia adikzio psikologikoak hauteman ditzaketen profesionalekin lan egitea da.
- FUNDACION ETORKINTZA ELKARGOA, 15 urtetik 23 urtera bitarteko nerabe eta gazteak zorizko jokoekin eta kirol-apustuekin lotuta egon daitezkeen arriskuez sentsibilizatzeko eta arriskuak azaltzeko eta murrizteko lantegiak abian jartzeko, euren erreferentziako espazioetan gara ditzaten: ikastetxeetan, gazteguneetan, gazte-lokaletan edo aisialdiko elkarteetan. Helburua da gaztetxoenen jokorako adikzioa garaiz detektatzea azkar jardun ahal izateko. Horrez gainera, informazio, aholkularitza eta kontsulta zerbitzua eskaintzen diete hezkuntzaren eta komunitatearen esparruko eragileei.
- KIRIBIL SAREA GIZARTE ETA HEZKUNTZA ELKARTEA, nerabeei, gurasoei, monitoreei, hezitzaileei eta irakasleei zuzendutako sentsibilizazio-lantegiak abian jartzeko, joko patologikoa eta substantzia gabeko adikzioak hautemateko eta prebentzio-ekintzak egiteko. Helburua da bizi- eta kontsumo-ohitura osasungarriak sustatzea eta joko patologikoari eta substantzia gabeko adikzioei aurrea hartzea haurtzaroan eta gaztaroan.
- GOITIBERA ALDIZKARIA (EUSKALERRIKO ESKAUTAK), jokoari eta apustu-etxeei buruzko ale monografiko bat argitaratzeko. Argitalpenean aditzera ematen da gizartean dagoen kezka joko-aretoak eta apustu etxeak ugaldu izanagatik. Leku horiek elkartearen xede diren pertsonengan, aisialdiko taldeetako 8 urtetik 18 urtera bitarteko gaztetxoengan, duten eragina jartzen da agerian. Argitalpena talde horietako begiraleentzako eta hezkuntza ez-formalaren arloko elkarte, federazio, eskola eta erakundeetako arduradunentzako erreminta pedagogikoa da.
BANKUKO TXARTELAK
Horrez gainera, datorren ostiralean, otsailaren 19an, argitaratuko da EHAAn, joko areto eta jarduera jakinetan bankuko zordunketa txartelaren erabilera arautzeko agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekarena.
Zordunketa modalitateko ordainketa elektronikoaren sistema horien ezarpena garrantzitsua da joko patologikoari edo adikzioei aurrea hartzeko ere, pertsonen joko-jardueren trazabilitatea ezartzea eta, ondorioz, izan daitezkeen nahasmenduak garaiz hautematea eta prebentzio-neurri egokiak hartzea ahalbidetzen baitu.
JAISTEKO ESTEKA
EUSKO JAURLARITZAREN JOKO ARDURATSURAKO SENTSIBILIZAZIO KANPAINA