248 etxebizitza berri izango ditu Añorgak, horietatik 92 sozialak

0

Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio Añorgako Geltokia azpieremuko hiri antolamenduko plan bereziari, 248 etxebizitza unitate garatzeko aukera emango duena; horietatik 46 babes sozialekoak izango dira, 46 babes tasatukoak eta 156 libreak.

Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “gunearen birsorkuntzaren barruan sartzen den jarduera da hau, gaur egun gehien ezarrita dauden industria-erabilerak kenduz eta horien ordez etxebizitza-erabilera ezarriz, aldi berean espazio libreak eta dotazioak sortuz”.

Añorgako Geltokia azpieremuak 39.183 metro karratuko azalera du, eta Añorga Txiki hirigintza esparruaren barruan dago, bertara sartzeko bidearen eta Euskotrenen trenbidearen artean, ekialdetik muga egiten duena, zati batean trenbidea integratuz.

Gaur egun, Amassorrain Ikastola, erabilera partzialeko bi industria-eraikin, etxebizitza kolektiboko eraikin txiki bat eta familia bakarreko bi etxe eta merkataritza-jarduerarako instalazioez osatutako talde bat daude.

Plan Bereziak, besteak beste, Añorga Txikiko hirigunean integratutako bizitegitarako garapen berri bat aurreikusten du, multzoaren ingurumen-kalitatea hobetzeko aukera emango duena, bai eta ekipamenduaren birkualifikazioa ere, ekipamendu berriak antolatuz edo daudenak handituz, eta espazio libreak ezarriz.