Barakaldoko Eguzkiagirre kaleko arrapala mekanikoak jartzeko lanen bigarren fasea hastera doa

0

Aurki osatuko da Eguzkiagirre kalearen iriste-erraztasuna hobetzeko proiektua. Hasiak ditu Barakaldoko Udalak arrapala mekanikoak jartzeko lanak, eta horrela, Zuhatzu-Arteagabeitia eta San Bizente auzoetako bizilagunek erosoagoa izango dute lotura. Gaur goizean agertu da Amaia del Campo alkatea lanak egiten ari diren lekura. Azkenean, 1,5 milioi euro inbertitu ditu udalak: 2 milioitan ezarri zen gehienezko prezioa.

Zehazki, hiri sarbide mekaniko berri egingo dira, Ekonomia eta Arteagabeitia kaleen arteko tarteak dauzkan 190 metroak errazago zeharkatzeko. Hurrenez hurren, 33, 65 eta 26 metro luze dauzkate hiru arrapala-tarteek, eta gehienezko malda %10ekoa da.

Lehenengoa, Ekonomia kaleko kirol pistaren aldamenean jarriko dute, eta beste biak, berriz, Ekonomia eta Arteagabeitia kaleen artean. Tarte hori da, hain zuzen ere, aldatu dutena, espaloietan aldatu baitute arrapalen antolaera, etxebizitzetatik ahalik eta gehien aldenduz. «Alegia, arrapala mekanikoak gaur egun espaloiak dauden lekutik igaroko dira, eta ondoren, oinezkoentzako tarte bat eta lorategi bat egingo dituzte etxebizitzetako fatxaden aldamenetan», azaldu du Del Campok.

Horretarako, egun lau metro luze dituen lorategiak 1,80 metro izango ditu, eta espaloiak, ordea, 2,10 metro zabal.  Lurpeko zerbitzu sare guztien antolaera ere aldatu behar izan da (elektrizitatea, gasa, argiteria, hornikuntza eta abar).

BEZa barne, 1.953.199,69 eurokoa da proiektuaren aurrekontuaren lizitazio oinarria, baina, azkenean, 1.464.509,14 euroan adjudikatu da.  «2019ko abenduan hasi ginen irits-bide mekanikoak jartzen Eguzkiagirren, eta gaur, beste pausu bat egingo dugu, bigarren fase honi ekinez. Hori izan da inguru honetako auzoei agindutakoa, irits-bide mekanikoei esker erosoago eta seguruago ibili ahal izango baitira auzo bien artean», nabarmendu du alkateak. Eguzkiagirren egindako lan guztietan 2,5 milioi euro inbertitu dira.