Ertzaintzak hasi du agenteak koronabirusaren kontra txertatzeko prozesua 

0

Gaur asteazkena, otsailak 17, goizeko lehenengo orduan hasi dira txertoaren lehenengo dosiak ematen Ertzaintzaren Erandioko, Oiartzungo eta Arkauteko egoitzetan. Lehenengo etapa honetan, eta lehentasun-ordena jarraituz, COVID-19a kutsatzeko arriskuaren lehen lerroan lan egiten duten 4.500 agenteri jarriko diete txertoa.

Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun eta Osasun sailen bidez, gaur goizean hasi du Ertzaintzako agenteen kolektiboa txertatzeko lehenengo fasea. Polizia autonomikoaren errolda une hauetan 7.350 agentek osatzen dute, eta Osakidetzak AstraZeneca txertoaren 4.500 dosi banatuko dizkio. Horrek esan nahi du lehenengo etapa honetan kolektiboaren % 60 baino gehiago txertatuko dutela.

Lehenengo fase honetan txertoak Ertzaintzaren Erandioko, Oiartzungo eta Arkauteko egoitzetan jarriko dituzte Segurtasun Sailaren osasun-baliabideek, Osakidetzan prestakuntza espezifikoa jaso duen erizain taldeak. Eusko Jaurlaritzaren ustez egunean 300 edo 400 txerto jarriko dituzte, eta prozesuaren lehenengo fase hori, beraz, datozen bi edo hiru lan-astetan burutuko da eta 55 urtetik beherako 4.500 ertzainengana iritsiko da, osasun-agintaritzak adierazi duenez.

 

Lehentasuna izango dute arriskuaren lehen lerroan dauden ertzainek 

Txertoa hartzen gaur hasi diren agenteak kutsatzeko arriskurik handiena dutenak dira, batez ere kalean lan egiten duten eta herritarrekin etengabe elkar eragiten duten ertzainak baitira.

Gaurtik hasita txertoa hartuko duen lehenengo talde horretan Trafikoko, Herritarren Babeseko, Brigada Mugikorreko eta Zaintza eta Erreskateko unitateak daude, eta talde hori 55 urtetik beherako, hau da, AstraZenecaren egungo txertoa hartzeko adin-tartean dauden, 3.280 ertzainek osatzen dute. 

Hurrengo taldean, bigarrenean, 996 ertzain daude adierazitako adin-tartean, eta Genero eta Etxeko Indarkeria ataleko eta Ikerketako eta Polizia Judizialeko talde eta zerbitzuetakoak dira.

Hirugarren taldea unitate espezifikoagoetako 232 ertzainek osatzen dute, eta txertoa jartzeko lehenengo fasea horiekin amaituko litzateke eta Ertzaintzaren kolektiboan 4.508 agente txertatuta geratuko lirateke. COVID-19ari aurre egiteko osasun-prozesu hau 10-12 asteko tartearekin jarri behar diren bi dosik osatzen dute.