Gizarte-ekonomia gazteengana hurbiltzen du Lan Sailak, ekintzailetza kooperatiboaren eredu gisa

0

Lan eta Enplegu Sailak Mondragon City Challenge proiektuan parte hartzen du. Ekimen horrek gizarte-ekonomiaren hedapena sustatzen du gazteen artean, ekintzailetza kooperatiboaren eredu gisa, eta bere ingurunean errotutako kalitatezko enplegua sortzeko aukera gisa.

Elena Pérez Barredo Laneko sailburuordeak Mondragon City Challenge-ren lehen edizioaren aurkezpenean parte hartu du gaur Gipuzkoako herri horretan, Jokin Díaz Gizarte Ekonomiako zuzendariarekin batera. Pérez Barredok bere hitzaldian nabarmendu ditu ekonomia sozialaren balio ugariak, errentagarritasun, elkartasun, jasangarritasun, berrikuntza eta sustraitze printzipioak barne hartzen dituztenak. Adierazi duenez, balio horiek «Kooperatiben Legearen bitartez finkatu dira aurreko legegintzaldian, elkarrizketaren eta sektorearen eskutik, ia aho bateko babes politikoarekin».

Urrats horrekin, gaineratu duenez, «Oraingo honetan Legearen zabalpena dagokio, baina baita gizarte-ekonomia hedatzeko konpromisoa ere, elkarlaneko ekintzailetzaren formula gisa. Hori da legegintzaldi honetako helburuetako bat, eta aurten 3 milioi euro bideratuko zaizkio horri». Horrekin batera, Sailak prestakuntza eta ikerketa sustatuko ditu, maila guztietako hiru unibertsitate eta ikastetxeekin lankidetzan.

Helburu horretan kokatzen da Sailak Mondragón City Challenge kooperatiben nazioarteko txapelketan parte hartzea, Batxilergoko, prestakuntza-zikloetako eta unibertsitateko ikasleentzat. Ekimen hori, gainera, bat dator Europako Batzordeak NEXT GENERATION eta Euskadi Next planetan ekonomia suspertzeko planteatutako trantsizioekin, hala nola erronka teknologiko-digitalekin, soziosanitarioekin eta energetikoekin, eta horiek ere kooperatiben eremutik landu daitezke.