Iñigo Urkullu Lehendakariak Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal diasporako 11 lagun hartu ditu gaur Lehendakaritzan. Harreran Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Eusko Jaurlaritzaren Bozeramaileak, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkariak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak ere parte hartu dute.
Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren eskutik Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian hilabeteko egonaldia egin dute euskal diasporako 11 kideek. Taldea 2013an hasi zen zerotik euskara ikasten eta urte hauetako prestakuntzaren ondoren lehen aldiz testuinguru euskaldunean murgilduta ikastaro trinkoa egin dute. Orain euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean. Lazkaon egin duten egonaldiak euskalduntzearen maila bat egitea izan du helburu: B2 dutenek C1a egitea; eta B1 dutenek B2a.
Euskara Munduan programaren bitartez mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza sustatzen du Etxepare Euskal Institutuak. Egun, 2.000 inguru dira urtero munduko euskal etxeetan euskara ikasten duten pertsonak. Halaber, 1.900 pertsona inguruk euskara klaseak hartzen dituzte Institutuak nazioarteko 35 unibertsitatetan bultzatzen dituen irakurletza programen bitartez.