Astra Zénecaren txertaketa hasi da Euskadin

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Astra Zeneca txertatzeko prozesuari ekin dio Euskadin. Hala, 4.500 txerto esleitu dizkie Ertzaintzaren hainbat polizia-etxeri, eta dagoeneko ematen ari dira zerbitzu-beharren eta agenteen denbora-eskuragarritasunaren arabera. Aste honetan bertan eguneko zentroetako profesionalak txertatzen hastea aurreikusi da, foru-aldundiekin koordinatuta.

Gogoan izan behar da Astra Zenecaren txertoa 18 eta 55 urte bitartekoentzat dela egokia, adin tarte horretan ematen baititu emaitzarik onenak. Bigarren dosia 10 edo 12 asteren buruan ematen da.

Astra Zenecaren txertoa jartzeko lana aurreratzeko asmoz, Osasun Saila harremanetan jarri da foru-aldundi, udal eta mankomunitateekin, aurrera egiteko eta dosi horien banaketa planifikatzeko honako kolektibo hauetan: etxez etxeko laguntza-zerbitzuetako profesionalak eta udaltzainak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurreko txertoetarako irizpide berberei jarraituko die Astra Zenecaren txertoarekin: Osasun Publikoaren Batzordeak eta Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluak txertaketarako ezarritako lehentasun-ordenari jarraitzea; txertoen gerakin bat mantentzea pertsonen immunizazioa bermatzeko, eta txertoaren fitxa teknikoan eraginkorrentzat jotzen den epean ematea bigarren dosia.

Gaurtik aurrera emango den Astra Zenecaren txertoa alde batera utzita, atzotik, Pfizer eta Moderna dosien batura 132.130 da. Dosi horietatik hasierako stock bat sortu zen, eta berori egonkor mantentzen da bigarren dosiak bermatzeko. Hau da, 21.000 Pfizer dosi eta 3.000 Moderna dosi daude. Gainerakoak dagoeneko eman dira edo aste honetan bertan ematen ari dira lehen eta bigarren txertaketetan.

Aste honetan:

  • Egoitzetan egoiliarrak eta profesionalak erabat immunizatzen jarraitzea.
  • Osakidetzako profesional sanitarioen lehen lerroarekin amaitzea eta bigarren lerroarekin jarraitzea.
  • Klinika pribatuetako profesional sanitarioen lehen lerroarekin jarraitzea.
  • Eta ezinbestekoak diren beste kolektibo batzuekin hastea: Ertzaintza (gaur) eta eguneko zentroetako profesionalak.

Datorren astean: Adineko pertsonak txertatzen hasiko gara. Adina izango da irizpidea. Horregatik, 100 urtetik gorakoekin, 95 urtetik gorakoekin eta, horrela, hurrenez hurren, hasiko gara.