Eusko Jaurlaitzak segurtasunez gidatzeko dekalogo bat aurkeztu du motor-gidarientzat

0

Eusko Jaurlaritzak dekalogo bat aurkeztu du ikus-entzunezko formatuan motozikleta bat segurtasunez eta arduraz gidatzeko gomendioak emateko, eta helburua azken aldian Gipuzkoan (Donostian, Irunen eta Azkarateko igoeran) hiru motor-gidariren heriotza eragin dutenak bezalako trafiko-istripuei aurrea hartzea da.

Motozikleta bakarka segurtasunez gidatzeko dekalogoak aldezten du ibilgailuaz goza daitekeela alferrikako arriskurik hartu gabe. Alde horretatik, Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak nabarmendu du “arauak betetzeak errepidea leku seguruagoa izaten laguntzen” duela, eta berretsi du “garrantzitsua beti etxera itzultzea” dela.

Dokumentuak, besteak beste, ekipamendu egokiaren garrantzia azpimarratzen du: kasko integrala, kolore biziko jaka, airbaga duen txalekoa eta bota, eskularru eta praka egokiak. Ezinbestekoa da motorraren egoera teknikoa aztertzea eta gidariaren eta ibilgailuaren mailako ibilbideak hautatzea. Bestalde, ez da ahaztu behar gidatzeko modua errepidearen inguruabarretara eta motor-gidariaren egoera fisikora eta gogo-aldartera moldatu behar dela.

Era berean, adierazten da sor daitezkeen ezustekoei aurrea hartzen eta larrialdi-egoeren aurrean erreakzionatzen ikastea komeni dela segurtasunez gidatzeko ikastaroak eginez. Dekalogoan bihurguneak segurtasunez hartzeko (kontrako noranzkoko erreian sartu gabe) jarraibide batzuk ere ematen dira eta erreakzionatu ahal izateko segurtasun-tartea uztearen garrantzia azpimarratzen da, eta, gainera, biribilguneetan eta bidegurutzeetan kontu handiz ibiltzeko deia egiten da.

JAR ZAITEZ NIRE GURPILETAN

Helburu nagusia kolektiborik zaurgarrienetako batean, eta herri barruko bideetan nahiz herri artekoetan, istripuei aurrea hartzeko kontzientzia sustatzea da. Ekintza hau Jar zaitez nire gurpiletan estrategia partekatuko ekintzetako bat da, Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak adierazi duenez: “2018an hasi ginen lantzen Euskadiko motor-gidariekin talde zaurgarri honek izaten dituen istripuetan eragiten duten faktoreak aztertzen, hain zuzen ere, istripuak murrizteko. Hausnarketa bateratu haren emaitza da Jar zaitez nire gurpiletan estrategia, ibilgailu hau gidatzea segurua izateko kontzientziazio eta sentsibilizazio elementuak jasotzen dituena. Era berean, modu seguruan gidatzeko ikastaroak antolatu genituen motor-gidariek bihurguneak hobeto hartzen, ezustekoei aurrea hartzen eta trebeagoak izaten ikas zezaten. Bide-segurtasuna errepidea erabiltzen duten guztiek partekatu beharreko ardura da. Horrela, garrantzizkoa da motor-gidarien inplikazioa, zuhurrak izanda arriskurik gabe gidatu ahal izan dezaten”.

DATUAK

2018an Euskadin trafiko-istripuan hildako hiru pertsonatatik bat motor-gidaria zen. 2019an 16 motor-gidari hil ziren Euskadiko kale eta errepideetan. 2020an, konfinamendua eta mugikortasun-murrizketak gorabehera, bederatzi motor-gidari hil ziren Euskadiko errepide-sarean, eta 2021ean, orain arte, 3 motor-gidari hil dira.

Dekalogo: https://we.tl/t-UGH2GTUaTA