Enpresek generoaren araberako soldata-desberdintasunaren arazoari ematen dioten arreta areagotu egin da

0

Euskal enpresek soldata-arrakalaren arazoari ematen dioten arreta areagotu egin da, Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen azterlan baten arabera. Azterlan horri erreparatuta, emakumeen % 59k eta gizonen % 68k uste dute beren enpresan arreta nahikoa eskaintzen zaiola generoaren araberako soldata-desberdintasunaren arazoari. Gai horri emandako arretaren pertzepzioa % 51tik (2018an) % 64ra (gaur egun) hobetu da.

Galdeketa Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin zuen urtarrilaren 21etik 26ra, Euskal Autonomia Erkidegoko gizonek eta emakumeek euskal lan-merkatuko soldata-arrakalari eta genero-arrakalei buruz dituzten pertzepzioak eta jarrerak zein diren jakiteko.

Azterlanaren arabera, bai gizonek, bai emakumeek uste dute emakumeen egungo egoera okerragoa dela lan-merkatuarekin lotutako hainbat alderditan, hala nola: soldatak (% 68, askoz edo zertxobait okerrago); enpresetan erantzukizuneko lanpostuak eskuratzea (% 67); lana-bizitza, familia-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukerak (% 66); lanean gora egiteko aukerak (% 64); lanpostuaren egonkortasuna eta lana aurkitzeko aukerak (% 56).

Soldata-arrakalari dagokionez, emakumeen % 79k eta gizonen % 72k uste dute emakumeei gizonei baino gutxiago ordaintzen zaiela lanordu bakoitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan gizonek eta emakumeek betetzen dituzten lanpostu guztiak kontuan hartuta.

Gehiengoa, neurriak hartzearen alde

Gizon zein emakume gehienak lanean genero-berdintasuna ziurtatzeko legezko neurriak hartzearen aldekoak dira (% 98 erabat aldekoak edo neurri handiagoan aldekoak). Zehazki, % 81ek oso edo nahiko positibotzat jotzen dute soldaten eta soldata-osagarrien erregistro bat sexuaren arabera bereizita izatera enpresak behartzen dituen Errege Dekretua.

Euskal Autonomia Erkidegoan soldata-desberdintasunen aurka borrokatzeko egindako ahaleginen eraginkortasunari buruzko pertzepzioa 6 da 0tik 10era bitarteko eskalan. Gainera, galdetutako pertsonen erdiek baino gehiagok (% 55ek) aitortu dute ez dutela entzun Euskal Autonomia Erkidegoan soldata-arrakala murrizteko Estrategiari eta Ekintza-planari buruz.