Azpeitiko 400 bat familiarentzat autokontsumorako energia ekoiztuko da sortzear den kooperatibaren bitartez

0

Europar Batasunak 2030erako helburu gisa ezarri du EBean, bere osotasunean, kontsumituko den energiaren% 32k jatorri berriztagarria izan behar duela eta autokontsumoa eta komunitate energetikoak sortzea beste egoera energetiko baterako trantsiziorako hartu beharreko ereduak dira. Testuinguru horretan sortu da Ekiola energia sustatzeko sozietate gisa. Erakunde horren bidez, izaera kooperatiboko energia-erkidegoak sortuko dira;  eta Azpeitian sortuko dena izango da lehena. Proiektu horren bidez, herritar kooperatibistak izango dira sortzen duten energiaren jabe; herritarrek sortu, sustatu eta kontsumituko dute. Hori posible izango da energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Corporación-eko Krean ingenieritza sustatzailea eta tokiko erakundeen, kasu honetan, Azpeitiko Udalaren lankidetzari esker.

Proiektu honek energiaren sorkuntzan eta kudeaketan herritarren parte hartzea sustatuko du hasieratik; izaera korporatiboko energia-erkidegoa sortzea izango da Azpeitian emango den hurrengo pausoa. Udalak eta beste hainbat entitateren artean sortuko dute Azpeitiko Kooperatiba, eta bigarren pauso batean, kooperatibisten parte hartzea sustatuko da; proiektuaren bukaeran, kooperatibaren gehiengoa azpeitiarrena izango da. Hala, herritarren energia ikuskera aldaraziko da, pertsonak autokudeaketa korporatiboaren errealitatean murgiltzeko helburuarekin; beti ere proiektuarekin bat egiten duten herritarren eta entitateen energia premiei erantzunez.

Aurkezpen ekitaldian Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria nagusiak eta Krean P&Sko zuzendari Asier Etxabek parte hartu dute. Azpeitiko alkateak energia autokontsumorako bultzatu eta sustatuko duen proiektua aitzindaria izango dela azpimarratu du Nagore Alkortak: “Azpeitian eredu publiko komunitarioan eginiko proiektu ezberdinak ditugu abian, lehen sektorean, kulturan…. Energiaren arlora salto egiteko proiektua da abian jartzera goazena. Uste dugu Azpeitian badela energiaren inguruan kooperatiba sendo bat sortzeko adina herritar, eta bazkide horien bidez, energia herrian bertan, herritarren bidez sortu, sustatu eta autokontsumorako bideratzea da helburua. Modu horretara, gaur egungo merkatuko prezioa baino merkeago eskuratu ahal izango dute energia azpeitiarrek”. Eguzki plakak ezartzeko lurra ere zehaztuta dutela gaineratu du alkateak: “Landa eremuko hektarea bateko lur sail batean ezarriko dugu eguzki plaken baratza; eta eguzki plakak izateaz gain, landa eremuko lur ustiapenerako ere erabilgarri izango da”.

Proiektu hau lantzen urtebete inguru darama udalak, eta oraindik aurretik lan asko dagoela badakien arren, aurkezteko momentua dela uste du: “Kooperatiba sortzen hasteko lehen urratsak eman behar dira orain, eta herritarrei proiektua aurkezteko unea dela uste dugu”. Hala, datozen hilabeteetako lana izango da kooperatiba sortzea eta kooperatibaren zati handiena eta garrantzitsuena izango diren azpeitiarrak animatzea proiektura. “Proiektu publiko komunitarioa izango da. Eguzki-energia parkea sortuz, tokiko ekonomian, ekonomia berdean eta herritarren ekonomian eragin nahi dugu, baina baita ekologian eta ingurumenean ere. «Edukiz eta formaz aberatsa izango den proiektu da garatzen ari garena”, gaineratu du. Datozen hilabeteetan, kooperatibarako bazkideak animatzen doazen heinean, parte hartze bidez proiektuaren inguruko erabakiak elkarlanean hartzen eta forma ematen joango dira.

Energia kooperatibak

Kooperatiben eraketak, gure herriaren balio eta egitura ekonomikoaren ildo beretik joateaz gain, aukera ematen du dimentsio handiagoko proiektuak sortzeko, herritar askoren parte hartzea dakartzatenak. Dimentsio esanguratsua izango duten energia azpiegiturak izatea ekarriko du formula horrek (1 MW eta 5 MW arteko potentzia izango duten eguzki parkeak), hurbileko energia sortuko dutenak (0 kilometroa), kooperatiban parte hartuko duten pertsonen eta familien onura gogoan izanik: instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiaren aprobetxamendua, instalazioak propioak bezala identifikatzea eta horien kontsumo elektriko osoaren baliokidea izango den energia kantitatea sortzea haietan. Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasunaren diseinuaren sistematika honako honetan datza: kooperatibaren jabetzaren zati bat eskuratzean kooperatibisten aldetik, hauen etxebizitzaren kontsumo elektrikoaren baliokidea eta faktura elektrikoan jasota geratuko dena.

Kooperatiba bakoitzak eraiki eta erabiliko ditu instalazioak sorkuntza-kostu egonkorrarekin, erabiltzeko edo jarduteko epe luze batez (25 urtez edo gehiago) eta pertsona edo familia kopuru handiarentzat kudeatuko dena. Hala, instalazio horiek dimentsio ertain-handia duen proiektu baten ekonomiaren parekoa izango dute. Etekinak edo emaitzak kooperatibistentzat izango dira, faktura elektrikoaren bidez. Hartara, bakoitzak bere instalazioaren sorkuntzaren emaitzak ikusi ahal izango du urtero, bai ekonomikoki, bai elektrikoki, eta, aldi berean, horien askotariko eragina ebaluatzeko moduan egongo da, hala nola ingurumen, iraunkortasun, tokiko aberastasunaren sorrera eta haren kontsumoaren ekonomiaren berari dagokionez.

Dagoeneko, Azpeitiaz gain, beste udal eta administrazio batzuekin harremak zabalik daude, aurrerapausoak eman ditzaten alor honetan, lehen kooperatiben eraketa 2021. urtean izateko asmoz.

0 kilometroko energia

Energia kontsumitzeko tokiko kooperatiben egitasmo horri esker, herritarrek ulertu ahal izango dute nola kontsumitzen duten energia eta beren instalazioek nola sortzen duten. Era horretan, kontsumo-estrategiak ezartzeko aukeraz baliatuta, ekonomiak doitze eta hobetze aldera, sortzeko eta kontsumitzeko era ahalik eta hurbilen egon dadin lortzeko. Kooperatiban partaidea izateak ekarriko du inbertsio bat egitea, instalazioa osatuko duten panelen erosketa egiteko. Oso funtzionamendu-epe luzea izango dute horrelako instalazioek (hasierako aurreikuspenen arabera, 25/30 urte, kooperatiba bakoitzak epe hori luzatzeko aukera izango badu ere), ia bizitza osorako irtenbidea izan litekeena.

Inbertsio hori berreskuratzen edo itzultzen joango da pixkanaka-pixkanaka, proiektu bakoitzean pertsonalizatuko den berreskuratze planaren arabera. Aldi berean, urteroko fakturetan jasota geratuko dira sorkuntza elektrikoari lotutako emaitza ekonomikoak.

Horrenbestez, helburua da pertsona bakoitzak kontsumitzen duen adina elektrizitate berde sortzea, protagonista sentitzea etxeko premiak asetzeko moduari dagokionez, eta hartara, energia berriztagarriaren sorkuntzan parte hartzeko bideak zabaltzen edo jorratzen hasiko dira. Hori guztia, jakina, gertuen dauden administrazioen eta erakundeen laguntzaz, kudeaketa egoki eta zuzena ziurtatzeko; beti ere kooperatibismoaren ereduaren esparruan, prozesu osoaren protagonista izatea dakarrena.