Eusko Jaurlaritzak 41 milioi euro bideratzen ditu kontziliazio erantzunkiderako laguntzetara

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak 41 milioi euro bideratzen dituela kontziliazio erantzunkiderako laguntzetara; alegia, nabarmendu duenez, “Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontuaren % 12”.

Gobernuak 70 milioi inbertitzen ditu, guztira, Euskadiko familiei laguntza ematen, eta, horretarako, etengabe dihardu “inbertsio horrek familietan dakartzan emaitza eta inpaktua” aztertzen, “hobekuntzak proposatzeko”.

Hala, bada, Eusko Jaurlaritzak salbuespenezko beste laguntza-ildo bat gaitu du, 2020/2021 ikasturtean seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko; laguntza-ildo horrek 4 milioi euro ditu.

Horrela erantzun die Artolazabalek Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak familia- eta lan-bizitza uztartzeko laguntzei buruzko dekretu berriaren inguruan eginiko interpelazioari eta Isabel González Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntza-ildo berria sortzeari buruz egin dion galderari.

“Laguntza horien bidez, hiru helburu betetzen ditugu: familiek kontzilia dezaten laguntzen dugu; etxeko lana eta zaintza-lanak aitortzen ditugu eta, horretarako, langile horien lege-kontratua sustatu –nagusiki emakumeak–, eta emakumeok gure lanbide-karrera alde batera utzi behar izatea saihesten dugu”, esan du Berdintasuneko sailburuak.

Sailburuak gogorarazi du pandemiaren lehen asteetan, alarma-egoera deklaratu aurretik ere, Eusko Jaurlaritzak kontziliaziorako laguntzei heldu ziela, “haiek sendotu eta malgutzeko”. “Azkar dihardugu; laguntzak malgutzen ari gara, kontziliazio-partidei baliabide gehiago esleitzen ari gatzaizkie eta emandako zenbatekoak bikoiztu egin ditugu”, esan du sailburuak. Malgutzeko ariketa horretan, baldintzak ere aldatu ziren; horretarako, dirulaguntza jasotzeko gutxieneko 59 eguneko muga ezabatu genuen.

Sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak urtean 70 milioi euro baino gehiago bideratzen dituela familiei laguntzeko politiketara. “Familia guztiak babestu nahi ditugu eta haiei aukerak eman; familia-mota guztiei. Kalteberenak babestu. Hori dela eta, 2019ko Dekretuaren azken aldaketan, ordurako jaiotzagatiko baimenak hartzeko aste-kopurua areagotu egin zen, eta areagotu egin ziren laguntzen zenbatekoak”, esan du. Familia ugariek ere “laguntza gehigarria behar dute; hori dela eta, familia horientzako laguntzak ere areagotu ziren”, esan du. “Familiarteko bat mendekotasun-egoeran duten eta hura zaintzen duten familiek, modu berean, kontsiderazio berezia dute, eta haientzako laguntzak areagotu dira”. “Eta gauza bera gertatzen da indarkeria matxista jasan eta seme-alabak dituzten emakumeekin. Indarkeriarik gabeko bizitza berriari ekingo diote eta, kontziliaziorako laguntzak behar badituzte, zenbatekoa handituko zaie. Halaber, laguntza gehigarria behar dute; horregatik areagotu dira familia horientzako laguntzak”.

Zaintzaileak kontratatzeko laguntza-ildo berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, datorren astean, eta laguntzak eskatzeko epea martxoaren 1ean hasiko da; hala ere, atzeraeraginez eskatu ahalko dira.

“Laguntza horiei esker, aukera ematen da seme-alabak kargura dituzten aitek eta amek lanean eta beren lanbide-karrerarekin jarraitu ahal izateko eta, nagusiki, emakumeok gara onuradun. Laguntza horien helburua pandemiaren ondorioz kontziliatzeko zailtasunak gainditzea edo, behintzat, arintzea da. Laguntza horien bitartez, erantzukizuna aitona-amonek ez izatea lortu nahi dugu. Laguntza horiek etxeko lanaren eta etxe barruan egiten diren zaintza-lanen gizarte- eta ekonomia-aitorpenean aurrera egiten laguntzen digute”, esan du Artolazabalek.