Garamendik enplegu publikoa lortzeko prozesuak errazteko eta Administrazioaren bitartekotasun tasa murrizten laguntzeko lege berri baten alde egin du

0

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektua defendatu du gaur. Lege egitasmo hori onartzeak enplegu publikora iristeko prozesuak erraztuko lituzke, bai eta administrazio publikoan langile publikoak hobeto antolatu eta arrazionalizatzea ere. Arauak administrazioan sartzeko bide bat jasotzen du, bitarteko funtzionarioen tasa handia murriztea ahalbidetuko lukeena, egiturazko plazak finkatzeko prozesuen bidez. Era berean, ezartzen du edozein administrazio publikotan izandako esperientzia baloratuko litzatekeela, bai eta deialdia egin duen administrazioan emandako zerbitzuak ere.

Garamendik Lege Proiektua zehaztu die Eusko Legebiltzarreko taldeei, joan den azaroan Gobernu Kontseiluan onartutako ekimena azaltzeko Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Ekimena Eusko Legebiltzarrera bidali zen jarraian bertan tramitatu eta eztabaidatzeko. “Legea oso beharrezkoa da, lanpostu bakoitzerako funtzioak eta titulazioak berrantolatzea ahalbidetuko baitu eta Administrazioko talde eta azpitalde profesionalen kopurua sinplifikatuko du”, adierazi du hitzaldian. Era berean, prozesuak malgutuko ditu lanpostu bakoitzaren betekizunak eguneratzeko edo aldatzeko, lanbide titulazioetan gertatzen diren aldaketen.

Garamendik Lege Proiektua zehaztu die Eusko Legebiltzareko taldeei, 2004koa den legeak gai hau arautzen duen bitartean. Ordutik, aldaketak gertatu dira bai hezkuntza sisteman eta titulazioen katalogoan (batez ere Bolonia Plana izenaz ezagutzen den Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan sartzearen ondorioz), bai Funtzio Publikoaren arau-esparruan. “Errealitate berriak araudia egokitzea gomendatzen du, egungo arauan jasotako taldeak eta azpitaldeak eguneratzeko, sortutako titulazio berrietara egokitzeko eta Administrazio modernoak eskatzen dituen titulazio eta profil profesionalei hobeto erantzuteko”, azaldu du. Horrek giza baliabideen antolaketa eta arrazionalizazioa hobetzea ekarriko luke eta, aldi berean, herritarren beharrei erantzun egokia ematea ahalbidetuko luke. Gainera, langileen hautaketa arrazionalizatzeko bidean aurrerapauso bat izango litzateke, unean uneko antolaketa beharrekin bat etorriz.

Lege Proiektuan administrazioko lanpostuak arautzen dira, kidego orokorretan eta berezietan sailkatuta, bete beharreko eginkizunen, gaitasunen eta egiaztatutako ezagutzen arabera. Hortik aurrera, Kidegoen barruan beharrezkoak diren Eskalak sortzen dira, hainbat ikasketa-eremutako titulazioak dituzten profesionalek bete ditzaketen funtzioak taldekatu ahal izateko.

Kidegoak eta Eskalak. Lege honek, etorkizunari begira, egungo talde eta azpitaldeen kopurua sinplifikatu nahi du. Horrela, bi kidego profesional aurreikusten ditu eta, bien barruan, 54 eskala sartuko dira:

  • Kidego orokorra: administrazio-jarduerari lotutako eginkizunak betetzen dutenak hartuko ditu barnean. Kidego horrek lau eskala profesional izango ditu: administrazioko goi mailako eskala, administrazio kudeaketakoa, administraziokoa eta administrazio-laguntzakoa
  • Kidego berezia: lanbide bati edo lanpostu jakin batzuei buruzko ezagutza espezifikoa eskatzen duten eginkizunak betetzen dituena. Kidego honek 50 eskala profesional bereiziko ditu, hala nola, farmazia, meatzeak, haziak, juridikoa, kartografikoa, medikuntza, hirigintza…

Lege proiektuak bi xedapen gehigarri ditu eta horiei esker lan-eskaintza publikoetan sartzeko txanda bereziak sortu ahal izango dira, deitutako plazen kidego eta eskaletan gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen duten bitarteko langileentzat. Bitarteko langileak plantillaren %40 baino gehiago direnean gaituko da kanal hori. Prozesuak proba praktiko bakarra izango du, deialdi bakoitzeko lanpostuetako ohiko prozedurekin, zereginekin eta eginkizunekin lotuta. Lehiaketa-oposizioen barruko kanporaketa-proba izango da.

Praktikan, enplegua finkatzeko bide bat izango da, gaur egun bitarteko langileek betetzen dituzten eta gure administrazioan balio handiko esperientzia eta ezagutza ematen duten lanpostuetan. Arau honek beharrezko estaldura emango dio prozesu honi berme juridikoarekin aurre egiteko, beti ere Funtzio Publikoan zuzendu behar diren berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz.