Otsailaren 8an, Euskadiko Gerra Zibileko hildakoen datu-baserako websarbidea aurkeztu zen. Eskuragarri dagoen informazioa Euskadin gerra zibilean eta lehen frankismoan (1936-1945) hildako biktimei buruzko ikerketaren emaitza da, baita Euskaditik kanpo gerraren ondorioz hil ziren euskal herritarrei buruzkoa ere. Gaur egun, hildakoen 21.018 fitxa kontsulta daitezke, horietatik 20.003 gizonak dira, 984 emakumeak, eta 31 kasutan ezin izan da generoa zehaztu.
Jendaurrean jarri zenetik, web-aplikazioak 19.000 bisita izan ditu, eta bisita horiek kontsulta zuzenak bihurtu dira; Gogora Institutuko memoria historikoko teknikariek 200 kontsultatik gora jaso dituzte, telefonoz zein posta elektronikoz.
Kontsulten izaerari dagokionez, kasu gehienetan, eskuragarri dagoen informazioa kontsultatzean, datuak osatu eta/edo zuzendu nahi izan dituzten biktimen senideak dira: adina, jaioterria edo auzotasuna, eta hildakoaren argazkia eman nahi duten familien kasuak ere nabarmentzen dira. Aipatzekoa da, halaber, 85 urte geroago hurbileko pertsonaren gorpuzkiak non lurperatuta dauden ez dakiten familien kasuak, Gogora Institutuarekin harremanetan jarri dira horri buruzko informazio berririk ote dagoen kontsultatzeko. Horren harira, ikerketak berak ondorioztatu du oraindik ez dela ezagutzen 7.795 pertsona non dauden lurperatuta.
Beste kasu batzuetan, kontsulta egin duen pertsonak ez du bere senidea datubasean aurkitu eta, beraz, dokumentazioa eta informazioa ematen ditu ikerketa-taldeak kasua baloratu dezan.
Familiekin izandako feedback horri esker, datuak zuzendu, informazioa osatu eta datu-basea bera zabaldu ahal izan da. Izan ere, familiek ematen duten informazioa balio handikoa da, informazio-iturri oso baliotsua. Horregatik, Gogora Institutuak eskerrak eman dizkie biktimen familiei egindako ekarpenengatik, eta proiektuak duen harrera ona nabarmendu du.
Familiekiko zuzeneko komunikazio horretan, egindako ikerketa-lanarengatik esker oneko sentimendua nabarmentzen da. Era berean, senitartekoaren izena eta biografia berreskuratzeak nolabaiteko aitorpen gisa bizi dute familia askok.
Otsailaren 8an aurkeztu zenetik, 48 kasu gehitu dira, 7 emakume eta 41 gizon, eta Gerra Zibilean hildako biktimen 20.970 kasuetatik gaur egungo 21.018 kasuetara igaro dira. Hala ere, gogoratu behar da datu-base bizia dela, etengabe berrikusten ari dena, eta, beraz, zifrak ez direla behin betikoak.