Kontsumobidek arropa-garbitegi automatikoek tiketak eman behar dituztela gogoratu du

0

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak gogoratu du, arropa-garbitegi automatikoak behartuta daudela kontsumitzaileei tiketak ematera, erreklamazio-orriak edukitzera eta komertzioko pertsona —fisikoa edo juridikoa— arduradunaren izena erakustera, eskubideak betetzeko erreklamazioa pertsona horren aurrean egin ahal izateko. Tiketa zein zerbitzu eman den eta zerbitzu hori behar bezala eman dela frogatzen duen egiaztagiria da. Erreklamazioa jarri behar izanez gero, tiketa ezinbesteko dokumentu bat da.

Mota horretako establezimenduetan enpresariaren identitate sozialak agerian egon behar du eta erreklamazio-prozedurak zein diren argi adierazita egon behar dute, kontsumitzaileek euren eskubideak gauzatu ahal izateko. Arropa-garbitegi automatikoak dituzten enpresek eurekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia eta helbide elektronikoa adierazi beharko dituzte.

Kontsumoko Euskal Institutuak antzeman duenez, zerbitzu horiek erabiltzen dituzten pertsonak “ohituta daude makinetatik tiketak ez jasotzera. Kontsumitzaileok ohitura hori aldatu egin behar dugu. Gure eskubideak babestu behar ditugu, eta tiketa eskatzea eskubide horiek babesteko modu bat da” azpimarratu du Kontsumobideko zuzendari Olga Santamariak.

Kontsumobidek duela gutxi egindako ikuskapen-kanpaina batean antzeman denez, ikuskatutako zerbitzuen % 92tan makinek ez zuten eskainitako zerbitzuen tiketik ematen. Ikuskatutako establezimenduen % 96tan ez zen enpresariaren identitate soziala agertzen, ezta sozietate-izena ere; eta kasuen % 84tan ez ziren erreklamazio-prozedurak adierazten.