2.000 enpresak zuzeneko informazioa jasoko dute ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko 68 programei buruz

0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 68 laguntza programa abiaraziko ditu ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko eta garapen jasangarria ahalbidetzeko, batez ere enpresa txiki eta ertainetan. Hala, 2.000 enpresak zuzeneko informazioa jasoko dute programa horien edukiari, helburuei, gaiei, aurrekontuei eta epeei buruz.

Azken unera arte egongo da zabalik otsailaren 24, 25 eta 26ko jardunaldi telematikoetan izena emateko epea. Programen zuzeneko arduradunek jardunaldi horietan azalduko dute 2021ean 430 milioi eurotik gora inbertituko direla I+G+Bn, teknologietan, digitalizazioan, berrikuntzan, ekintzailetzan, garapen industrialean, nazioartekotzean, energia eraginkortasunean, energia berriztagarrietan eta ingurumenean, lehen sektorerako laguntzetan, elikadura-industrian eta jasangarritasunean.

Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak koordinatzen ditu jardunaldi horiek, eta sozietate publiko guztiak elkarlanean ari dira (SPRI Taldea EEE, IHOBE, URA, HAZI FUNDAZIOA eta ELIKA), laguntzei buruzko informazioa Euskadiko enpresa guztietara irits dadin eta aukera izan dezaten laguntza horiek eskuratzeko.

Arantxa Tapia sailburuak joan den astean eman zuen ekimenaren berri, eta laguntza programen katalogo digitala aurkeztu zuen. Jardunaldi horiek SPRI Taldeak Youtuben duen kanalaren bidez erretransmitituko dira, eta bertan ostatatuta geldituko dira, edonoiz ikusi ahal izateko.

Onlineko jardunaldiak

Otsailak 24, Teknologia, Berrikuntza eta Ekintzailetza: Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estibaliz Hernaezek, bere saileko hainbat zuzendarirekin batera, hizpide hartuko ditu ikerketako, berrikuntzako, eraldaketa digitaleko eta ekintzailetzako programak. Helburua da Euskadi Europa mailako berrikuntza-gune izan dadila, enpresa teknologikoen sorkuntza % 10 handitzea eta Euskadi tokiko industriarekin lankidetzan aritzen diren nazioarteko startup-en trakzio-ekosistema bihurtzea.

Otsailak 25, Industria, Energia eta Ingurumena: Javier Zarraonandia Industria sailburuordeak eta Amaia Barredo Ingurumen sailburuordeak garapen industrial, nazioartekotze, eraginkortasun energetiko, energia berriztagarri eta ingurumen arloetako laguntzak aurkeztuko dituzte beste arduradun batzuekin batera.  Programa horien helburua da industria eta zerbitzu aurreratuak BPGaren % 40 izan daitezela, enpresen nazioartekotzea Covid-ak eragin duen egungo nazioarteko testuingurura egokitzea, eta energiaren amaierako kontsumoaren % 20 energia berriztagarrien bidez asetzea. Saio honetan orobat azalduko dira zailtasunak dituzten enpresentzako eta eremu behartsuetan inbertitzeko programak.

Horrez gain, asmoa da berotegi efektuko gasen isurketa % 30 murriztea, hondakinen sorkuntza gutxitzea eta horien balorizazioa eta berrerabilpena areagotzea, ingurumen-estrategia politika transbertsal gisa inplementatzea eta uraren, lurzoruaren eta airearen adierazleak hobetzea, bioaniztasuna hobeto defendatu eta errespetatzeko. Eta horrexetarako aurreikusi dira ekonomia zirkularra eta bio-ekonomia bultzatzeko programak.

Otsailak 26, Lehen Sektorea eta Landa-eremuko eta Itsasertzeko Garapena:   Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek hizpide hartuko ditu lehen sektorerako, landa- eta itsasertz-eremuetako jarduera ekonomikorako eta elikadura industriarako laguntzak. Programa horiekin lortu nahi dena da elikagaien produkzioa handitzea Euskadin eta lurralde arteko oreka handiagoa bermatzea, bizi-kalitatea emanez landa-guneetan eta itsasertzeko guneetan bizi diren eta lan egiten duten pertsonei.