Bingen Zupiria Kirolaren Euskal Kontseiluaren bileraren buru izan da

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria Kirolaren Euskal Kontseiluaren bileraren buru izan da gaur. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin den batzarrean Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria ere izan da. Kontseilua herri-administrazioen aholkularitza, kontsulta, jarraipena nahiz eztabaida sektoriala ahalbideratzen duen organo nagusia da, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol politikari eragiten dioten gaietarako. Modu presentzialean eta telematikoan egin den bileran Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietako eta EUDELeko ordezkariek, kirol federazio desberdinetako kideek, kirol arloko adituek eta kirolari ohiek ere parte hartu dute.

Bileran Sailburuak COVID-19aren inguruan kirol arloan orain arte hartu diran erabakien berri eman du. Gainera 2020-2024 Gobernu Programan batzen diren jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko konpromisoak azaldu ditu:

  • Herritarren artean jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea, eta Euskadi Europako gizarte aktiboenen artean kokatzea.
  • Jarduera fisikoak eta kirolak berdintasunerako eta gizarteratzeko duten potentziala baliatzea eta euskara sustatzea.
  • Euskal kirol-sistema etorkizuneko erronketara egokitzea eta haren antolaketa hobetzea.
  • Kirolaren potentziala ustiatzea Euskadiren nazioartekotzerako tresna gisa.

Kultura eta Hizkuntza politika sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak jarduera fisikoaren eta kirolaren lege egitasmoen gaineko informazioa ere partekatu du gaurko bileran: Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko Legea, Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Legea eta Dopinaren aurkako legearen eguneraketa.