Donostiako Udalak aurrera egin du Arteleku plaza urbanizatzeko tramitazioan

0

Donostiako Udalak Txomin Eneako Arteleku plazaren proiektuko obrak kontratatzeko espedientea onartu du. Lizitazioaren aurrekontua 1.741.384 eurokoa da eta obrak burutzeko epea 5 hilabete eta erdikoa.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, “egingo den proiektua herritarren parte-hartze prozesu batetik dator, eta horren ideia-lehiaketara aurkeztu ziren 14 proiektuak behin betiko idazketa egiteko oinarri izan ziren”.

Plaza urbanizatzeko proposamena hainbat esparrutan antolatzen da. Espazioa bi eremutan banatzen da, ezaugarri desberdinekin, eta aldi berean Urumea parkea eta auzoko kale nagusia lotzen dituen diagonal baten bidez lotzen dira.

Alde batetik, izaera urbanago bat izango duen plaza bat aurkitzen da, Txomingo bide berriaren ardatzerantz zabalduko dena. Eremu garbi eta funtzioanitz bat sortuko da, auzoko ekimen nagusiak hartzeko. Goiko eskuineko izkinan, ur-jokoak jarriko dira, lurrean iturriak izango dituena, apaingarri gisa eta udan umeek jolaserako erabili ditzaten. Erdiko gune hori parterre berde handiak izango dituen eraztun batez inguraturik egongo da, landaredia eta zuhaitzak dituztela, eta horiek egonleku lasaiagoak sortuko dituzte.

Etxadiaren erdialdean, ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetatik urrun eta lorategien ondoan, haurrentzako jolastoki bat sortuko da, kautxu koloreztatuarekin zolatua, eta estalki txiki bat, gurasoentzako bankuak eta adin desberdinetako haurrentzako jolasak jarriko dira.

Bestalde, komentutik hurbil, inguruaren bigarren espazio librea irekiko da, parkearekin erlazionatuko dena batez ere, eta perspektiba altu batetik bere ingurune naturalaren bistaz gozatu ahal izango da. Plaza hau ibaiaren eta auzoaren arteko lotune nagusia da eta ibai parkearen beraren luzapen bihurtuko da.

Erriberaren berezko zuhaiztia etxadiaren goiko eta eskuineko izkinara iritsiko da, eta bi tokien artean landare-jarraitutasuna izango du. Parketik hurbilen dagoen eremuan, adinekoentzako kirol gune bat eraikitzea aurreikusten da.

Azkenik, etorkizuneko ekipamenduetarako erreserbaturiko espazioetan saskibaloiko eta futboleko hainbat jokaleku jarri dira, auzoko kirol ekipamendurik eza behin-behinekoz konpontzeko.