Estresa kudeatzea. Hara hor gazte barakaldarrek jorratu nahi duten gaietako bat; hori da Barakaldoko Udalak Giltzarri-Gazteen aisialdirako zerbitzuaren bitartez abian jarritako partaidetzazko prozesuak agerian jarri duena. Eta hori izango da, beraz, datozen Emozio Jardunaldietan taxutuko den gaia. Nerabeen hezkuntza eta osasun emozionalaren alderdiak landu ohi dira jardunaldi horietan, hala nola, autoestimua, emozioen kontrola, eraginkortasuna eta arriskuen kudeaketa. «Aurten, 15. edizioa izango da, eta beti harritzen gaitu nerabeek aukeratzen dituzten gaiak», adierazi du Gazteria Arloko zinegotzi Jonathan Martínek. «Koronabirusaren pandemiak estresa eragin dio gazte askori, eta harekin moldatzen eta mendean hartzen ikasi nahi dute; hori horrela, jardunaldiotan, aztura okerrak bideratzeko gaitasunak hartzen lagunduko diegu, zenbait egoerari hobetu aurre egin diezaieten», azpimarratu du.
Horretarako, Giltzarriko Kontseiluak prestatu eta nerabeei sare sozialen eta jarduera-taldeen bidez banatutako formularioaren bidez aukeratu dute gaia Giltzarri Plataformako neska-mutilek. Ehun nerabe baino gehiagok erantzun diote galdetegiari, eta hautatzeko egon diren gaien artean, estresaren kudeaketa izan da boto gehien jaso dituena. «Kontseiluko neska-mutilek beren eguneroko bizitzan estresa ez ezik estres horrek sortzen dizkien egoerak ere nola kudeatu jakiteak eragiten dien kezka adierazi zuten. Eta hori izango dugu beraz jardunaldien ardatza», esan du Gazteria Arloko zinegotziak.