Zeuk Esan-ek inoiz baino kontsulta gehiago izan ditu 2020an

0

Zeuk Esan haur eta nerabeei 116111 telefonoaren bidez arreta emateko zerbitzuak lan handia izan du 2020. urtean; sekula baino kontsulta gehiago izan ditu. 2020. urtea, Zeuk Esanen kasuan, intzidentzia handieneko bigarren urtea izan da, kontaktu-kopuruari dagokionez, eta lehena, kontsulta-kopuruari dagokionez; guztira, 1.824 kontsulta izan ditu, aurreko urteko kopuruaren (978) ia bikoitza.

Igoera horren atzean zenbait motibo egon daitezke. Batetik, Eusko Jaurlaritzak egiten dituen zabalkunde- eta sustapen-kanpainak, zeinak 2020an areagotu egin baitziren, eta, bestetik, pandemia eta, bereziki, konfinamendua. Hala, nabarmentzekoa da ondoez psikologikoa dela adingabeen deien motibo nagusia urte honetan; helduen artean, familia-harremanak dira kausa nagusi.

Gainera, grafikoa aztertzean ikus daiteke martxoan eta apirilean kontsulta-kopuru handia kontzentratzen dela, helduek 2020. urte osoan eginiko kontsulta guztietatik % 31. Era berean, azaroan, berriro igo zen kontsulta-kopurua, eta helduek eginiko arreta-eskaera guztien % 15 orduan izan ziren.

10 urte

Zeuk Esan zerbitzuak 2020an hamar urte bete zituen, eta, urte horietan, haur eta nerabeekin zerikusia duten arazoei erantzuteko orduan zer eraginkorra den erakutsi du.

Zeuk Esan haur eta nerabeentzako informazio- eta orientazio-zerbitzua denez, helduaren mundutik datozen kontsultei arreta ematen ohituta dago zerbitzua, batik bat aita eta ama edo profesionalenei. Kontsulta horiek haur eta gazteen tematikari buruzkoak izaten dira, kezka, zalantza eta orientazioen ingurukoak, eta, azken batez, adingaberen baten onerako izango direnak, dela semea edo alaba, ikaslea…

2020an, adindunek eginiko kontsulten ehunekoa, kontsulta guztien % 57, neska-mutil adingabeek eginikoena baino hamar puntu handiagoa izan da; neska-mutil adingabeek arreta jasotzeko eginiko eskari-kopurua Zeuk Esan zerbitzuaren arreta jaso duten eskari guztien % 43 izan da.

Adingabeen artean, ohikoa den bezala, kontsulta gehienak 12 eta 18 urte bitarteko nerabeenak (% 92) izan dira. Guztira, 469 adingabek deitu dute, 222 neskak eta 247 mutilek.