Azpitek, euskal enpresen ekipamendu zientifiko-teknikoa eguneratzeko programa berria

0
PRUEBA

Gaur goizean, Arantxa Tapia sailburuak Enpresa Txiki eta Ertainentzako (ETE) 2021eko laguntzak azaltzeko lehen jardunaldia —mila enpresa baino gehiagok modu telematikoan jarraitu dute— zabaldu du. Eusko Jaurlaritzak laguntza horiek ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko bideratuko ditu.

I+Gra eta ekintzailetzara bideratutako laguntzei eskainitako lehen jardunaldian, laguntza berriak aurkeztu dituzte, adibidez, Azpitek programa. 5 milioi euroko aurrekontua duen programa horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko zentro teknologikoei ekipamendu zientifiko-teknikoa erosten, instalatzen eta eguneratzen laguntzea bilatzen dute.

Gainera, adimen artifizialean oinarritutako proiektuen soluzioen eta aplikazioen eskaintza eta eskaera gero eta aktiboagoak direnez, Eusko Jaurlaritzak teknologia horren garapena sustatu du enpresen balioa handitzeko eta hauei lehiatzeko tresna hobeak emateko. Esparru horretara bideratutako programa berriak 2 milioi euroko aurrekontua du eta Machine learning, Deep learning, Ikuspen Artifiziala edo antzeko beste esparru batzuk lantzen dituzten enpresetara bideratuta dago.

Enpresen 5G konektagarritasuna sustatzeko programak ere azpimarratu behar dira. Programa horiek ekonomiaren trantsizio digitala ahalbidetzeko teknologia hori ezartzeko proiektuak babesteko helburua dute.

Laguntza-plan honetan Euskal Autonomia Erkidegoko ia edozein enpresak aurki dezake bere beharretara egokitutako bat, baita mikroETEek —berrikuntzarako laguntza-programak eskura ditzakete— eta ekintzaileek —euren hazkuntza-prozesua amaitu arte start up-ak sortzeko fase guztietan laguntzeko tresnak dituzte— ere: Ekintzaile, Basque Funtsa, Aurrera edo BIND 4. 0 programa bera.

Oro har, I+Gra bideratutako laguntzak Enpresa Txiki eta Ertainei zuzendutako laguntza-planaren guztizko inbertsioaren % 40 dira.

Bihar, industria-garapenari, nazioartekotzeari, energia-efizientziari, energia berriztagarriei eta ingurumenari eskainitako jardunaldiekin osatuko dira informazio-saioak. Eta ostiralean, jasangarritasuna, elikagaien industria eta Lehen Sektorerako laguntzak jorratuko dituzte.

Material guztia grabatu egingo da SPRIren Youtube kanalean eta Irekian kontsultatu ahal izateko.