Laguntza berria indarkeria matxistaren ondorioz umezurtz geratu diren alaba eta semeentzat

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak gaur esan duenez, Gobernuak sustatzen duen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen erreformak “sendotu egiten du alderdi nabarmenetako bat, emakumeen aurkako indarkeria genero-desberdintasunaren adierazpen gorenekotzat jotzea, eta berdintasunean aurrera egitea desberdintasun horrekin amaitzeko bide gisa ulertzea».

Sailburuak gaur eguerdian egin du agerraldia, berak eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordean, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketaren lege-proiektua aurkezteko. Bertan, Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “nahiz eta aurrera egin dugun, aurrera egiten jarraitu nahi dugu”. “Izan ere, etorkizunera begira gaude, eta etorkizun hobea nahi dugu, berdinzaleagoa, belaunaldi berrientzat”.

Lege-proiektuaren nobedadeetako bat da genero-motiboak direla eta indarkeria-portaerak zuzenean jasaten dituzten emakume, nerabe eta neskatoez gainera, legeak berariaz hartzen dituela indarkeria matxistaren biktima eta bizirauten duten pertsona gisa indarkeria hori gauzatzen den ingurunean bizi diren neskato, mutiko eta nerabeak eta bestelako mendeko pertsonak. Hori horrela, arauak beste laguntza bat sortu du, seme-alaba umezurtzentzat, indarkeria matxistaren ondorio gisa.

Gainera, arau berriak, halaber, aukera emango du biktimen erreparaziorako eskubidea aitortzeko; izan ere, besteak beste, lehen aldiz aurreikusten du Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat, judizialki ezarritako kalte-ordainak ordaintzen ez diren kasuetarako.

Oro har, aldaketak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzen du.

Bikotekideak edo bikotekide ohiak eginiko indarkeriaren edo familia barruko indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimez gainera, legeak indarkeria horren gainerako adierazpen moduen –besteak beste sexu-esplotaziorako salerosketa– biktimei arreta emateko sistema zabaltzen du.

Artolazabalek azaldu du egungo arauak hamabost urte betetzen dituela, eta “lege aitzindaria eta erreferentea» dela, eta “gure berdintasun-politiketan lehena eta oraina bereizi” ditzakegula. Arau horrek bide eman du “baliabide ekonomiko eta tekniko eta giza baliabideak nabarmen areagotzeko, berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta ezabatzeko bidean”.

Lege horrek mekanismo eta neurri zehatzak planteatzen ditu, Euskadiko administrazio publikoek politika eta jarduketa zorrotzagoak egin ditzaten lortzeko, emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren egiturazko fenomeno unibertsal horrekin amaitzeko. Eta aldaketak, Berdintasuneko sailburuak nabarmendu duenez, bi helburu nagusi ditu: batetik, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren inguruko politikak sendotzea, eta, bestetik, araudi berria araudi- eta gizarte-testuinguru berrira egokitzea. “Gure helburua da legeak berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako politikarako eta sekulako herrialdeko itunerako bide ematea”.

  • Lege-aldaketa horrek berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak eta teknikoak eta giza baliabideak sendotzea aurreikusten du.
  • Generoaren eta giza eskubideen ikuspegia sendotzen du berdintasunaren aldeko lanean eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean esku hartzeko eremu guztietan.
  • Neurriak ezartzen ditu Euskadiko sektore publiko instituzional osoan berdintasun-politiketan aurrera egiteko funtsezko elementuak oro har ezartzeko bide emateko.
  • Honako hauek oro har ezartzeko bide ematen du: planak, zerbitzu espezializatuak, prestakuntza, erabakiak hartzeko eremuetan emakume eta gizonen ordezkaritzaren sustapena edo araudian, dirulaguntza publikoetan eta kontratazio publikoan berdintasuna sustatzeko neurriak.
  • Administrazioko langileek berdintasunari buruzko prestakuntza jasotzea sustatzen du; izan ere, Euskadiko botere publikoetako langile guztientzat eta, zehazki, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuna ematean inplikatuta dauden langile guztientzat berdintasunari buruzko oinarrizko eta derrigorrezko prestakuntza aurreikusten du, mailakatua eta etengabea.
  • Ikasgeletan hezkidetzaren aldeko lana sendotzen du.
  • Babes handiagoa ematen die neskato, mutiko eta nerabeei indarkeria matxistaren aurrean.
  • Detekzio goiztiarrerako sistemen hobekuntzari heltzen dio.
  • Neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea egotea aurreikusten du, bai eta haien arreta integrala bermatzea ere, prozedura judizialarekin duten inplikazio- edo lankidetza-maila gorabehera.
  • Aldaketa horrek ikuspegi intersekzionala du emakume eta gizonen berdintasunaren inguruko esku-hartze publiko ororen ikuspuntu inspiratzaile gisa.
  • Ikerketa gehiago egiteko eta datuen erregistroa eta zabalkundea hobetzeko aukera emango du. Horretarako, informazio partekatuko sistema elektronikoa ezartzea planteatzen du, osasun-, hezkuntza-, polizia-, epai- eta gizarte-eremuan dauden sistemekin koordinazioan.
  • Aldaketak honako hau dakar: Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Euskadiko Behatokia sortzea, berdintasunarekin eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin zerikusia duten funtsezko adierazleen egoeraren eta bilakaeraren ikuspegi globala eta iraunkorra edukitzeko tresna gisa
  • Azkenik, honako hauek sustatzen ditu: espedienteen kudeaketa integratuarekin koordinatzeko sistemak hobetzea, erakundeen arteko akordioak eta dauden koordinazio-protokoloak eguneratzea eta akordio eta protokolo berriak hartzea.

Istanbuleko Hitzarmena

Emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko Istanbuleko Hitzarmena Europako Kontseiluak onartu zuen, eta Espainiako Estatuan 2014an jarri zen indarrean. Haren aplikazioa bermatzeko, Euskadiko araudia egokitu behar da.

Istanbuleko Hitzarmen horrek eskatzen du legeak egin daitezela generoaren inguruko motiboengatiko diskriminazioaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean dagoen lotura berretsiz. Berdintasunerako legearen aldaketak lotura hori sendotzen du; izan ere, “emakumeen aurkako indarkeria emakume eta gizonen desberdintasunaren adierazpen larrientzat jotzen du”. Eta honako hau da lege-aldaketa honen erronka handietako bat: emakumeen aurkako indarkeria emakume eta gizonen desberdintasunaren inguruko arazo sistemiko eta unibertsalaren barruan kokatzeko ikuspegi partekatua bermatzea.

Estatu-eremuan, nabarmentzekoa da, halaber, 2017an sinatutako Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna. Estatu Itun horrek emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erakunde-erantzuna hobetzeko konpromiso eta neurri zehatzak planteatzen ditu. Era berean, 2020-2025erako Berdintasunerako Estrategia onartu du, dagoeneko, Europako Batzordeak. Aldaketa horiek Euskadiko araudiak ere hartu behar ditu kontuan, ondorio positiboak indartzeko.

Ekarpenak

Emakunde izan da lege hau aldatzeko prozesuaren buru. Prozesua erabat parte-hartzailea da. Proiektuak 400 ekarpen baino gehiago jaso ditu, bai sozietate zibilarenak bai erakundeenak: gizarte zibilaren 300 ekarpen inguru eta administrazioen ehun ekarpen baino gehiago. “Iritzi- eta ikuspegi-kopuru handiena jaso eta biltzeko ahalegina egin da, ahalik eta adostasun zabalena lortzeko”, esan du Artolazabalek.

Parte hartzeko prozesuan, Emakundek genero- eta berdintasun-arloetako adituekin jardun du elkarlanean. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean prebenitzeko eta arreta emateko eskumena duten erakunde publikoek parte hartu dute. Emakundek hainbatekin jardun du lanean: elkarte feministak; emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan, detekzioan eta arretan esku hartzen duten profesionalak; gizarte-eragileak, eta indarkeriaren biktimekin lanean diharduten erakunde eta elkarteak, besteak beste. Kanal zuzenak ireki dira herritarrek ekarpenak egiteko. Herritarrentzako saio irekiak egin dira hiru lurraldeetan. Batzorde, talde eta kolektibo inplikatuentzako dozena erdi aurkezpen espezifiko baino gehiago egin dira. Eta laguntza teknikoa eman zaie Emakunderen Kontsulta Batzordeko emakumeen elkarteei eta indarkeriatik bizirik atera diren emakume biktimen elkarteei, ekarpenak errazago egin ditzaten.