Bingen Zupiriak ‘OndarE Oficina’ ekimenaren aurkezpenean parte hartu du

0

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Josu Okiñena musikari, ikertzaile eta irakaslearekin batera, ‘OndarE Oficina’ ekimenaren aurkezpenean parte hartu du gaur. Ekimen honek garai guztietako euskal musika ondarea berreskuratzea du helburu, zehazki. Okiñenaren bokazio pertsonal gisa sortu zena hainbat aktore eta xedea argi eta garbi dituen proiektu bihurtu da: artxiboetan ahaztutako euskal musikaren berreskurapena eta musika garaikideko konpositore berriei bultzada ematea, hain zuzen. «Euskal konpositoreen ondare musikala berreskuratzea helburu duen argitaletxe musikal aitzindaria aurkeztu dugu. Eta, gainera, sorkuntza berrien aldeko apustua ere egiten dugu, hau da, bizirik dauden eta egun sorkuntza-lanetan diren konpositoreen konposizioen alde», adierazi du musikari eta ikerlari donostiarrak.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, «argitalpen-ekimen honek euskal kulturan dagoen hutsune bat betetzen lagunduko du, gure musika-ondarea berreskuratu, balioetsi eta zabalduz», eta honakoa nabarmendu eta balioetsi du: «Batez ere eskuizkribuak, partiturak eta beste musika-legatuko elementu batzuk berreskuratzeko lan neketsu, iraunkor eta zehatz hori egiten ari da, Aita Donostia, Pascual Aldave eta Tomás Garbizu bezalako figuren promozio-lanen eta argitalpenen bidez. Baita zabalpen- eta promozio-lanaren bidez ere”.

Okiñenak adierazi duenez, «proiektua Madrilen sortu zen duela urte batzuk, beste jarduera batzuekin batera musika-edizioa egiteko planteamenduarekin, baina pixkanaka euskal konpositoreen ondarean zentratu zen, konturatu bait ginen hutsune handia zegoela hemen arrazoi historiko, politiko eta administratiboengatik. Arrazoi horiengatik guztiengatik, orain ezagutzera eman nahi ditugun musika-konposizio bikainok ez dituzte orain arte argitaratu eta jendarteratu nahi ditugu».

Horrekin guztiarekin, ekimenak eragile bultzatzaile berri bat izan nahi du euskal kulturaren munduan, euskal musika-ondare aberatsa garai guztietako musika unibertsalaren mailan jartzeko. Okiñenaren hitzetan, «musika unibertsala da. Gure helburua musika sakonki lantzea eta zenbait jarduera egitea da, musika hori ‘existitu’ dadin, hau da, jatorrizko eskuizkribuaren azterketatik edizio kritikoa egiten da, partitura argitaratzen da, audio-formatuan grabatzen da, bai diskoan, bai bideoan, eta kontzertuan programatzen da».

Hala, hiru urte baino gehiagoko gorpuzte-garaiaren ondoren, ‘OndarE Oficina’ Euskadin aurkeztu eta errotu da katalogo zabal batekin: Aita Donostia, Pascual Aldave, Tomas Garbizu eta Gabriel Erkorekaren hogei partitura argitaratu bait ditu dagoeneko, hain zuzen ere. «Orkestra, sinfoniko, sinfoniko-koral errepertorio ugari oraindik interpretatu gabe dago, edo agian bere garaian interpretazio bakarra egin zuten musikagilearekin batera, baina ez dute sekula berriro interpretatu, besteak beste, orkestrek egin ahal izateko materialik ez dagoelako», adierazi du Okiñenak. Musika-ekimen horrek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du orain arte argitaratutako ia argitalpen guztiak argitaratzeko.

 Izan ere, argitalpen-lana egiteko, aurretik material horiek sakon aztertu behar dira, edizio kritiko bat egin behar da eta argitaratzailearen eskuizkribuetan edota lehen estreinaldirako erabili diren kopia digitalizatu batzuetan geratu ziren akatsak berrikusi behar dira. Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da material horiek orkestretan banatzeko eskuragarri dagoen edizio bat egitea beti. Adibide gisa, Aldaveren ‘Akelarre’ lana, lau euskal rapsodiaz osatutako neurri ziklopeoko obra, Pio Barojaren lanetan oinarritua. Ez zegoen, zehazki, material hura orain arte argitaratuta.

 “360 graduko” lana

Izan ere, lan hau berria da, hasieratik bukaerara egiten den prozesu osoa baita, 360 graduko ibilbidea delako, hain justu: jatorrizko iturritik hasi eta munduko edozein lekutan kontzertu baten bidez musika hori zabaltzen den arte. Eta horrek berekin dakarren lan guztia: partitura editatzea, diskoa ekoiztea, partituraren analisi kritikoa egitea, kontzertuan exekutatuko duenaren interpretazioa aztertzea, aretoek eta erakundeek programatzea, egile-eskubideak, inprenta, grabazioa eta abar kudeatzea.

Era berean, ‘Ondare Oficina’ proiektuaren aurkezpen horren bidez, euskal ondarea zabaltzeko interesa duten guztiei dei egiten die ekimenak, zehazki, egungo eta garai guztietakoa musika zabaldu nahi duen oro proiektuarekin harremanetan jar dadin. Hala egile eta ekimen berriekin lanean hasi ahal izateko.

Orain arte argitaratutako material guztia eskuragarri dago ‘OndarE Oficina’-ren web orrian: www.oeoficina.com.