Koordinazio eta Komunikazio Unitate bat eta DSBEri buruzko zuzendaritza bat sortzea erabaki du LANBIDEren Administrazio Kontseiluak

0

LANBIDEren Administrazio Kontseiluak, asteaskenean, Koordinazio eta Komunikazio Unitate bat sortzea erabaki du, zerbitzuetako prozedurak eta prozesuak homogeneizatzeko, eta Prestazio eta Gizarteratze Zuzendaritza berri bat sortzea, gaur egungo Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzatik bereizia. Neurri horiek hobetzen proiektuan aurreikusita daude, enplegu-zerbitzu publikoa pixkanaka eraldatzeko.

Otsaileko bileran, lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia buru zela, Kontseiluak ontzat eman du tresna organiko horiek sortzea, antolamendu-egitura, esku hartzeko eta arreta emateko eredua aldatzeko bidean aurrera egiteko.

Lanbideko zuzendari Gloria Múgicak azaldu duenez, urrats hori «langileen prestakuntza- eta orientazio-lanetan eraginkorragoa izango den eta diru-sarrerak bermatzeko errenta eta gizarteratze- eta laneratze-errenta jasotzeko eskubidea bermatuko duen enplegu-zerbitzu publikoa lortzeko prozesuaren berrespena da». «42 bulegoetan modu koordinatuagoan funtzionatuko dugu, antzeko irizpideekin eta zerbitzua ematen duten ingurunearekin lotura hobearekin, eta baliabideak hobeto antolatuko ditugu prestazioak garaiz irits daitezen iritsi behar dutenengana», azpimarratu du.

Koordinazio Unitatea aurreikusita zegoen 2012tik indarrean zeuden estatutuetan, baina orain arte ez da garatu. Orain, unitate hori Komunikazioaz ere arduratuko da, eta erakunde autonomoaren lurralde-zerbitzuak osatzen dituzten bulegoen sarea zuzentzen eta koordinatzen laguntzeko organoa izango da. Haren eginkizuna izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen zerbitzuetan prozedurak eta prozesuak bateratzea eta homogeneizatzea, eta barneko zein kanpoko komunikazio-prozedurak gauzatzea.

Prestakuntzaren eta Diru Sarrerak Bermatzeko Zuzendaritza honela banatzen da: enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza bat, arlo horretan diharduten erakunde guztien erregistroa kudeatzeko, langileen profesionaltasuna ziurtatzeko, hezkuntza-agintariekin koordinatuta, eta Euskadin LHren arloan diharduten erakunde guztiekin koordinatzeko.

Zuzendaritza honek erabateko dedikazioa du enplegagarritasunera bideratuta, eta, horren ondorioz, Prestazio eta Gizarteratze Zuzendaritza berri bat sortu da. Zuzendaritza horrek DBE eta EPOren eskaera guztiak ebatziko ditu, prestazio horien onuradunen jarraipena egingo du, eta transferitu daitezkeen beste prestazio batzuk bere gain hartuko ditu, hala nola Biziarteko Gutxieneko Diru-sarrera.

Kontseiluak abalatutako dekretu horrek, Lanbideren eraldaketaren jarraipena egiteko sortutako batzordeari aldez aurretik jakinarazi ondoren, bere izapidetze administratiboa jarraitu behar du, Gobernu Kontseiluak onar dezan, seguruenik aurtengo lehen seihilekoan.