Urkullu MUBIL Mugikortasun Berriaren Zentroaren irekiera-ekitaldian izan da

0
Fuente: Irekia.
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera, MUBIL Mugikortasun Berriaren Zentroaren irekiera-ekitaldian izan da.

Mugikortasun elektrikoaren eta energia metatzearen alorretan jakintza eta aktibitate berria sortu eta garatuko du Mubil Elektromugikortasun Zentroak. Bertan, enpresak, ezagutza zentroak eta administrazioek bat egingo dute, misio batekin: baliabideak sortu eta lurraldeko gaitasunak biltzea, Gipuzkoa eta Euskadi bilakatu daitezen nazioartean erreferentzia industriala elektromugikortsunaren alorrean.

Zentzu honetan, Euskadi Europako mugikortasun berriaren abangoardian kokatzea posible egingo duten bost helburu estrategiko partekatu ditu Lehendakariak: mugikortasun elektrikoarekin lotutako enpresa-sare berria sortzea; negozio-eredu berriak, ekintzailetza eta kalitatezko enplegua bultzatzea; teknologia berrietan, hala nola hidrogenoan edo trakzio elektrikoan, Ikerketa eta Garapena gaitasunak indartzea; mugikortasunaren sektorearen lehiakortasuna sustatzea; eta MUBIL poloa nazioarteko erreferente gisa kokatzea, inbertsioak eta talentua erakarriz.

Halaber, Lehendakariak proiektuaren oinarri diren espezializazio-, bikaintasun- eta lankidetza-printzipioak azpimarratu ditu. Hala, adierazi du Euskadik mugikortasun jasangarriaren arloan punta-puntako enpresak dituela, Europan erreferentziazko zentro teknologikoak dituela Basque Research and Technology Alliance-n elkartuta, Cidetec eta Energigune erreferentziazko zentroak dituela esparru horretan, eta, gainera, ezagutza-ekosistema aurreratua dagoela arlo horretan. «MUBILek topagune bat eskaintzen du gure industriaren ahalmen berritzailea bideratzeko eta ekonomia aurreratuagoa, digitalizatuagoa eta jasangarriagoa sustatzeko», gaineratu du.

Irekiera-ekitaldian gerturatutakoek, besteak beste, Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia, Denis Itxaso, E.A.E. Gobernuaren ordezkaria, Eneko Goia,  Donostiako alkatea, eta Jabier Larrañaga,  Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak, Lehendakariarekin eta sailburuarekin batera, Usabal industriagunean kokatutako instalazioak bisitatu dituzte.

MUBILeko behin behineko egoitza Tolosako Usabal industriagunean dago kokatuta egun, baina Donostian kokatuko da behin betikoa. Foru Aldundiak 10.000 m2-ko lurzati bat eskuratu du Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean, eta beste 40.000m2 ere gorde dira inguruan, mugikortasun berriaren arloko eragileak erakarri eta esparru honetako polo garrantzitsua eratzeko.