Idoia Mendiak nabarmendu du gizarte-eragileek zeregin garrantzitsua dutela politika publikoetan Lanbide eraldatzeko eta kalitatezko enplegua sustatzeko

0

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak Lanbideko Administrazio Kontseiluan eta Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte hartzen duten gizarte-eragileek Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa eraldatzeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko politikak adosteko duten zeregina azpimarratu du, eta Espainiako eta Euskadiko gobernuek egungo krisian eskaintzen dituzten irtenbideak aipatu ditu.

Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean, Mendiak asteazken honetan bertan Lanbidek langileen eta enpresen zerbitzura dagoen zerbitzu publiko baterako bidea egiten hasteko lortutako adostasuna aipatu du. Horri esker, Lanbideren 42 bulegoetako jarduerak koordinatuko dituen unitate bat garatu ahal izango da, baita Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren akordioak ere, krisialdian dauden sektoreetan lan egiten dutenei erreskate programak diseinatzeko.

Lehendakariordeak Eusko Jaurlaritzan zein Espainiako Gobernuan ibilbide-orri bat izatearen garrantzia ere aipatu du, izan ere, «Gobernu batek egin behar duen gauzarik garrantzitsuena egin dute, aurrekontuen legea, alegia, gauzatu nahi ditugun politika publiko guztiei bide ematen diena».

Halaber, pandemiaz eta gobernuen artean egiten ari diren «elkarrizketarako ahaleginaz» hitz egin du, horren aurka borrokatzeko jarraibide komunak ezartzen saiatuz. Pandemiaren aurkako legeari dagokionez, lehendakariordeak adierazi du «ziurtasunen eta segurtasun juridikoaren beharrari buruz lehendakariarekin batera egin dudan hausnarketa batetik» sortu dela, eta horregatik aztertzen ari direla nola aurkitu erregulazio bat «gure eskumen autonomikoak gaindituko ez dituena baina pandemiaren aurkako borrokaren arloan hartzen ditugun erabakiei segurtasun juridiko handiagoa emango diena».