Athletic Cluben aste erabakigarria Levanteren aurka

0

Athletic Clubek aurkari bera aurrez aurre izango dute hurrengo bi neurketetan, biak jokaleku berean: Levante UD eta Ciutat de Valencia futbol zelaia. Ligako eta Kopako partidak astebete baino gutxiagoan jokatuko dira Valentzian: otsailaren 26an, ostiralean, LaLigako 25. jardunaldia, eta martxoaren 4an, ostegunean, Errege Kopako finalerdietako itzulikoa.

Partida erabakigarriak izango dira Athleticentzat bi lehiaketetan: Europan lehiatzeko Ligakoa, eta finalean sartzeko Kopakoa. Finalerako postu bat lortuz gero, lehoiek bi final jokatuko lituzkete 14 egunetan.

Laligan lehenengo

Athleticek Levanteren etxean Laligan jokatu dituen partida guztiak aintzat hartuta balantzea nahiko parekatua dago, baina zuri-gorriek alde txikia dute: Orriolsen jokatutako hamalau partidetatik, lehoiek sei aldiz irabazi diote Valentziako taldeari, hiru aldiz berdindu dute eta bost porrot jasan dituzte.

2013-14 denboralditik, Levanteren zelaia bisitatu duten sei neurketetatik lautan garaipena lortu dute lehoiek, bat berdindu eta bestea galdu. Aritz Aduriz izan zen, zalantzarik gabe, aipatutako garaipenen protagonista nagusietako bat, horietako hirutan gol erabakigarriak egin baitzituen, birritan bi gol lortuz.

Lehenengoa 2013-14 denboraldian izan zen: aipatutako aurrelari zuri-gorriak lehen zatian sartutako bi golei esker 3 puntuak eskuratzeko balio izan zion Athletici.