Beatriz Artolazabalek martxoaren 8ko aldarrikapenaren garrantzia nabarmendu du

0
PRUEBA

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak esan du martxoaren 8a “aldarrikapenerako egun garrantzitsua” dela; “izan ere, oraindik lana dago egiteko emakume eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko”. Hori dela eta, aldarrikapen-eguna izango dela esan du, baina mobilizazio askorik gabea; izan ere, pandemiak “osasun-une konplikatua dakarkigu, eta kontziente izan behar dugu. Gaur goizean elkarrizketa egin dio Maritxu Diezek Radio Vitorian Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, eta, sailburuaren hitzetan, elkarte feministak dira martxoaren zortzi bakoitzean ekitaldiak antolatzen dituztenak, eta Gobernuak, haiekin bat egiten dutenak.

Sailburuak, halaber, Emakundek abiarazi duen kanpaina aipatu du; kanpainak ‘Nork zaintzen du?’ galdera egiten du. “Zaintzak agerian jarri nahi izan ditugu, eremu horretan dagoen feminizazioaren jakitun”. Artolazabalek nabarmendu duenez, “zaintzaz hitz egiten dugunean, ikuspegi globaletik egiten dugu; izan ere, guztiok izan dezakegu geure bizitzan zaintzetarako beharra, jaiotzen garenetik”.“Gure ustez, zaintzak bizitzaren erdigunean jarri behar ditugu, eta guztiok parte hartu behar dugu horretan: gizarteak, gizabanako bakoitzak eta erakunde publikoek”.

“Gure sailean eta Gobernuan, oro har, zaintzak nolakoak izatea nahi dugun aztertzen ari gara, berrikuspen integraletik abiatuta. Baita erantzukizunak dituzten beste erakunde batzuen eskutik ere, besteak beste foru-aldundien eskutik”.

Eremu horretan azken urtean izan den atzerakadaren inguruan galdetu diotenean, sailburuak errealitate berriari erantzuteko Gobernuaren bizkortasunaren balioa nabarmendu du: “sailetik familiei ematen dizkiegun laguntzak bizkortu eta malgutu ditugu, eta aparteko 16 milioi euro gehitu genizkien gizarte-larrialdirako laguntzei”.

Maritxu Díezek Artolazabali egungo krisiaren ondorioz izan daitezkeen desberdintasunei buruz ere galdetu dio. “Osasun-krisiaren inpaktuaren une indartsuenean, babestu behar genituen kolektiboak zeudela jakin genuen. Horretarako, lan-mahaia eratu genuen, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeekin, eta asteartero batzen ginen. Sortzen zihoazen beharrak aztertzen genituen eta, elkarlaneko lan horri esker, hutsetik Inor Atzean Utzi Gabe funtsean integratu genituen programa bereziak sortzeko gai izan ginen, 10 milioi euroko partidarekin”. “Gainera, gizarte-larrialdietarako laguntzak sendotuz ikusi genuen udalek azkar erantzuten zietela behar zehatzei, eta, hori dela eta, partida handitu egin genuen, 16 milioi euroan, harik eta 43,5 izan arte”. Sailburuak nabarmendu du “harro” dagoela lan horrekin; izan ere, “erakutsi dugu borondatea izanez gero akordioak lor daitezkeela instituzioen eta gizarte-erakundeen artean, izen-abizenak dituzten pertsonengan eragina duten arazo larrietarako irtenbidea bilatzen laguntzeko”.

Sailburuak elkarrizketan Euskadiko Gazteria Legearen proposamena ere aipatu du; gaur egun Eusko Legebiltzarrean dago, eta helburu du Euskadin emantzipazioaren batez besteko adina murriztu dadin lortzea.

Era berean, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek ustez eginiko torturen azken jakinarazpenei buruz galdetu diotenean, Artolazabalek zera azpimarratu du: “memoria iragana da, baina, batik bat, etorkizuna da, eta horregatik behar da autokritika zintzoa”.