Marcelino: “Biharko partida bakarrik dugu buruan”

0
PRUEBA

Marcelino Garcia Toralek LaLigako 25. jardunaldiko partidaren atarian hedabideek egindako galderei erantzun zien, lehoiek Levanteren aurka Ciutat de València zelaian jokatuko duten norgehiagoka, bihar, ostirala, 21:00etatik aurrera.

Zuri-gorriek talde granotaren kontra neurtuko dituzte indarrak bihar, baita datorren ostegunean ere, Kopan, finalerdietako itzulerako partidan. Entrenatzaile zuri-gorriak aitortu duenez Valentziako taldea “denboraldiko unerik onenean” dago, baina Athletic, hark zuzentzen duen taldea, dinamika positiboan ere badago: “Taldea lehia-maila handian dago, adoretsu, ilusioz beteta eta oso ondo entrenatzen ari da”.

Entrenatzaile zuri-gorriak azpimarratu du taldeak “soilik” jarriko duela arreta biharko norgehiagokan: “Partida hurbilena da garrantzitsuena, erabat jabetu behar gara partida bat jokatuko dugula eta partida hau irabaztea izan behar dugu buruan, ez dugu haratago begiratu behar. Egunero irabazi nahi izatea pentsatu behar dugu, aurrez aurre duguna axola gabe”.

Azken norgehiagoken inguruan, Marcelinok estatistikak eta neurketa bakoitzaren xehetasunak azpimarratu ditu: “Aurkariak baino aukera gehiago sortzen ditugu, dezente gehiago. Estatistiken arabera, azken partidetan aurkariak baino gehiago merezi izan dugu garaipena, eta argi dago zenbait gauzatan hobetu behar dugula, garaipenak ez direlako iristen, baina oso pozik gaude taldearen lehia-mailarekin. Oso talde on bati aurre egingo diogula pentsatu behar dugu, baina partida hau irabazi nahi dugu”.

Gainera, ohartarazi duenez, ez dago ezusterako tarterik hainbeste aldiz eta hain jarraian aurre egin behar diozun aurkari baten aurka, eta Ligako eta Kopako partidak bereizi behar dira: “Galtzeak bakarrik kezkatzen nau, beste guztia ondo daramat. Egutegiak esaten dizu noren aurka jokatu behar duzun. Agian jokalari batzuentzat zaila da partida hau hurrengoarekin bereiztea, baina saiatu behar dugu ahalik eta gehien gure aldetik jartzen partida irabazteko, eta gero hurrengoan pentsatuko dugu”.