eLankidetzak 250.000 euro eman ditu UNRWA Nazio Batuetako Palestinar iheslarientzako

0

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak bat egin du UNRWA Nazio Batuetako Palestinar iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren 2021eko larrialdi deiarekin, eta 250.000 euro eman dizkio. Aurtengo deialdiak larrialdi egoeran hezkuntzarako sarbidea bermatzea jasotzen du.

COVID-19 etenaldia sortzen ari da mundu osoko hezkuntza sistemetan, baita Palestinan ere. Egoera hori dela eta, eta haur errefuxiatu palestinarrak kalitatezko hezkuntza bat izan dezaten, irakasleek autoikaskuntzarako materialak areagotu dituzte -ordenagailuak, adibidez- eta online plataforma interaktiboak ezarri dituzte.

Ekarpena UNRWA Euskadiren bidez egin da, eta Gaza Zerrendako irakasleak finantzatzeko balioko du. Horrekin, bermatu nahi diete hezkuntzarako sarbidea blokeoak eta pandemiak kaltetutako palestinar errefuxiatuei.

2020an, eLankidetzak UNRWAri beste ekarpen ekonomiko bat egin zion, Gazako Zerrendan COVID-19arekin lotutako premiazkoak ziren berehalako neurriak hartzeko. Hala, birusaren hedapena ekiditeko, zuzeneko arretako instalazioak eta langileak babesteko materialak finantzatzen lagundu zuen.

 

Larrialdiak pobretutako herrialdeetan

eLankidetzako Ekintza Humanitarioko Estrategiaren apustuetariko bat da larrialdiei erantzutea nazioarteko deialdiei edo funts globalei ekarpenak eginez. Hala, aurten ere Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funtsa Zentralari (CERF, ingeleseko siglengatik) 200.000 euroko ekarpena egin dio.

CERF-a da Nazio Batuetako Batzar Nagusiak 2006. urtean sortutako larrialdi humanitarioei erantzuna emateko funtsa. Dirua Nazio Batuen estatu kideetatik, munduko hainbat eskualdetik eta emaile pribatuetatik jasotzen du. Ekarpen horiei esker berehalako erantzuna ematen zaie pobretutako herrialdeetan gertatutako hondamendi naturalei edota gatazkek sortarazitako krisi humanitarioei.

Funtsen helburu nagusiak dira bizitzen galera murrizteko erantzun azkarra ematea; denbora faktore kritikoa denean erantzuteko gaitasuna hobetzea, eta finantzazioa eskasa duten egoeretan erantzun humanitarioa indartzea.