Azpeitian izandako sutea ikertzen ari dira Ertzaintza eta suhiltzaileak

0

Ertzainak eta suhiltzaileak ostiralean gaueko hamarretan pinturak eta bernizak egiten dituen Azpeitiako enpresa batean piztu zen sua ikertzen ari dira.

Gaueko hamarrak aldera, Azpeitiako enpresa bateko segurtasun-arduradunak SOS Deiak 112 Larrialdietako Zentrora deitu zuen suhiltzaileen laguntza eskatuz, lantegiaren atzeko aldean sua piztu zela eta.

Ertzaintzaren patruila batzuk eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak joan ziren adierazitako lekura, eta goizaldeko lauak baino lehentxeago geratu zen kontrolatuta sutea.

Ertzainek, prebentzio moduan, kanpora atera zituzten enpresaren atzeko aldean dauden baserrietako bizilagunak, eta sutea kontrolatuta zegoenean, osasun publikoko teknikari batek baimena eman ondoren, itzuli ahal izan ziren euren etxeetara.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren eta Osasun Publikoaren arloko eta URA agentziako teknikariak eta lantegiko arduradun bat bertan egon dira sutearen bilakaera eta lantegiaren kanpoaldean zituen arriskuak baloratzeko. Era berean, Gurutze Gorriko boluntarioek laguntza logistikoa eman diete bertan lanean aritu diren suhiltzaileei.

Goizeko bederatziak aldera elkartu dira aipatutako teknikariak, enpresako langileak eta Eusko Jaurlaritzako larrialdiei aurre egiteko teknikaria egun argitan ikusi ahal izateko atzo gauean sortu zen sutearen ondorioak.

Adierazi behar da suak kalte handiak egin dituela nabeetako batean eta kiskalita geratu dela saltzeko prest zeuden produktuen biltegia.