Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.382 isun jarri dituzte asteburuan osasun-araudia ez betetzeagatik

0

Joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.382 isun jarri dituzte Euskadin, pandemiari aurre egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauei jarraituz.   Horietatik gehienak, 835, alegia, zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburuan berriz egin dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.382 isun bideratu dituzte ostiraletik, otsailaren 26tik, igandera, otsailaren 28ra, bitartean. Horietatik gehienak, 835, alegia, mugikortasuna mugatzeko edo gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko murrizketak urratzeagatik bideratu dituzte. Zifra horretatik 440 isun gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez betetzeagatik jarri dituzte eta 178 norbera bizi den udalerriko sarrera-irteerak ez errespetatzeagatik. Beste 157 isun eremu publikoetan eta pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga urratzeagatik jarri dituzte.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 336 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 127 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxeetan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea,  kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 235 isun Araban, 831 Bizkaian eta 316 Gipuzkoan.