ETSk oinezkoen segurtasuna hobetu du Zornotzako geralekuan

0

Euskal Trenbide Sareak oinezkoen segurtasuna hobetu du Bilbo-Bermeo lineako Amorebietako geraleku berriaren ondoan dagoen trenbide pasagunean (abenduaren 10ean jarri zen martxan). Aurreko astetik, oinezkoek aurrekoa baino pasabide zabalagoa dute, ibilgailuen trafikorako erabiltzen direnak bezala igo eta jaitsiko diren hesi eta semaforo espezifikoekin. Ibilgailuen zirkulazioa kontrolatzen duten hesiak eta semaforoak ere berritu dira.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Pedro Marco Garraio sailburuordearekin eta Andoni Agirrebeitia Amorebietako alkatearekin batera, geralekua eta trenbide pasagunea bisitatu dituzte gaur goizean, trenbide azpiegitura berrituan eta inguruko urbanizazioan egindako hobekuntza nabarmena in situ egiaztatzeko.

Lanek milioi bat eurotik gorako aurrekontua izan dute eta urtebete pasatxoko epean egin dira. Lan horietan, nasa zaharra, markesina barne, eta geltokiko buruaren etxola eraitsi dira. Nasa berria 101 metro da luze, eta horietatik 60 metro altzairu herdoilgaitzez eta beira ijeztu epelez egindako markesina batek estaltzen ditu.

Nasaren lehen 12 metroak geltoki gisa eraiki dira, altzairu herdoilgaitzezko eta beirazko arkupedun egitura batekin. Egitura horren barruan geltokiko buruarentzako eta bidaiariei informazioa emateko gela bat, txartelak saltzeko makinak eta makina baliogabetzaileak daude.

San Pedro kaletik geralekurako sarbidea hobetu egin da espaloiaren azalera handitu ondoren, eta, horretarako, Garitondo ibaiaren gainean dagoen zubia ere handitu behar izan da.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Iñaki Arriolak “trenbidearen erabiltzaileentzako zerbitzua eta geralekuaren inguruan bizi direnen bizi-kalitatea hobetuko duten” obrak balioztatu ditu. Horrela, nasa berriaren mendebaldeko muturraren eta Gudari kalearen artean hesi akustiko bat eraiki dute, trenbideetatik gertu dauden etxebizitzetan soinu-inpaktua murrizteko. Halaber, “kale nagusitik dagoen geralekuaren ikuspegia hobetu egin da, eta udalerriari azpiegitura moderno eta funtzionala eman zaio”, nabarmendu du.