Autobabes-planen erregistroa egoitza elektronikoaren bidez izapidetzeko prozedura arindu egin du Eusko Jaurlaritzak

0

Eusko Jaurlaritzak bihar astelehena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora (https://www.euskadi.eus/sede-electronica/) eramango du Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzara atxikita dagoen Euskadiko Autobabes Planen Erregistroa. Herritarrek informaziora eta izapideetara sarbidea izateko modurik erosoena eta seguruena da. Era horretara, autobabes-plan bat izan behar duten jarduera guztiak jada izapidetu daitezke web-orri honen bidez, azkar eta erraz. Horrez gainera, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren zerbitzu guztiek kontsultatu ahal izango dituzte sarbide beretik EAEn indarrean dauden autobabes-plan guztiak larrialdi bat izanez gero.

Autobabesari buruzko arauak (azaroaren 2ko 277/2010 Dekretua, 21/2019 Dekretu bidez aldatua) helburu du euskal gizartearen segurtasun-maila hobetzea jarduera, zentro edo establezimendu jakin batzuen titularrei autobabes-betebeharrak ezarrita, hain zuzen ere, pertsonak eta inplikatutako instalazioak babesteko, larrialdietako zerbitzuek esku hartu aurretik.

Horretarako, teknikari egiaztatuek egindako autobabes-plan bat izan beharko dute, Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorrean inskribatu beharko dute eta ezarri egin beharko dute eta ariketen eta simulakroen bidez horien efikaziari eutsi beharko diote.

Arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko jardueretan nahiz pertsonen bizia eta osotasun fisikoa babestu beharra dagoen larrialdiko eta babes zibileko egoeren hasierako jardueretan, erabakigarria da autobabes-planak baliagarriak eta fidagarriak izatea, eta ezinbestekoa da, beraz, plan horiek egiten dituztenek gaikuntza eta gaitasun profesional egiaztatua izatea.

Gaur egun Euskadiko 4.000 establezimenduk baino gehiagok dute era horretako plan bat.