Urkulluk pertsona eta haren duintasuna lehen mailan jartzeko dei egin du

0
Fuente: Irekia.

Iñigo Urkullu Lehendakariak “2015-2020 aldirako EAEko Plana, hobien kokapena ikertzekoa, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatu eta identifikatzeko” planaren emaitza nagusiak aurkezteko ekitaldian parte hartu du, gaur eguerdian, Gogorak Bilbon duen egoitzan.

Lehendakariarekin batera, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkartearen ordezkaria izan dira. Gainera, ekitaldian izan dira, Gogoraren Zuzendaritza Batzordeko talde parlamentarioen ordezkariak,   senitartekoak, UPV/EHUko Biomic laborategiko ordezkariak, Euskal Prospekzio taldeko kideak eta urte hauetan hobietako batzuk lokalizatzen lagundu duten elkarte memorialistetako kideak.

Iñigo Urkullu lehendakariak, hasieran, horrelako erakunde-ekitaldi bati zentzua ematen dioten helburuak aipatu ditu: “biktimekiko zor moralaren sentimendua eta familiek biktimen gorpuzkiak berreskuratzeko eta haien memoria ohoratzeko duten eskubidea. Gure konpromisoa memoriadun etorkizuna eraikitzea da, oinarri solido, printzipio etiko eta uste sendoetan finkatzen dena”

Era berean esan du ekitaldi honetan bi printzipio etikoren balioa nabarmentzen dela: “pertsona bakoitzaren duintasuna gure gizarte-ereduaren funtsezko balio eta giltzarri gisa, eta guztien memoriarako eskubidea, bakean eta askatasunean oinarritzen den bizikidetzako etorkizunaren bermatzaile gisa”.

Lehendakariak esan duenez, ekitaldi honen bidez, “desobiratutako biktimen memoria eta eskubideak leheneratu nahi dira, bai eta haien familiek beren familiartekoen gorpuzkiak non zeuden jakiteko eskubidea ere”. Hala, Gobernuak gerrako biktima horiei eta familiei eskubide horiek leheneratzeko duen konpromisoa eta betebeharra berretsi ditu, eta honako hau nabarmendu du: “memoriarekin eta belaunaldi oso bateko eskubideekin dugun zorrari heltzen diogu”. Belaunaldi hori printzipio eta balio demokratiko batzuen alde borrokatu zen.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du gizarte honek ez duela ahanzteko borondaterik, eta “memoria egiarako, aitorpenerako, duintasunerako eta elkarbizitzarako elementu gisa” aldarrikatu du. Hori horrela, eta Euskadiko gizarteak ez ahanzteko duen borondatearen adibide gisa, Gerra Zibilean hildako biktimen inguruan Gogoraren web-aplikazioak–pasa den otsailaren 8an aurkeztu zen– izan dituen 20.000 bisitak ekarri ditu gogora.

Hori dela eta, “biktima guztien memoriari eta duintasunari buruzko” etorkizuna eta “pertsona ororen giza eskubideen defentsan eta sustapenean oinarritzen den” bizikidetza eraikitzeko konpromisoa berretsi du». Asteon otsailaren 23ko estatu-kolpearen 40. urteurrena denez, honako hau gogorarazi du: “egia guztia gardentasunez, sekreturik gabe eta erreserbarik gabe jakiteko nahia, horrelakorik sekula berriro gerta ez dadin”.

Beatriz Artolazabal sailburuak “2015-2020 aldirako EAEko Plana, hobien kokapena ikertzekoa, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatu eta identifikatzeko” proiektu horren emaitzak aurkeztu ditu; haren aurrekariak 2003koak dira, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzarmen bat sinatu zutenekoak. 18 urte hauetan elkarrekin eginiko lanak honako emaitza hauek ekarri ditu:

  • 128 lokalizazio bilatu eta ikertu dira.
  • 46 desobiratze egin dira: 24 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 7 Araban.
  • 110 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira, 108 gizonenak eta 2 emakumerenak.
  • Haietatik, 70 borrokalariak ziren; 26, exekuzio estrajudizialen biktimak eta 14, gatibutasunean hildakoak.
  • Hobitik ateratako 110 biktimetatik, 27 identifikatu eta haien familiei entregatu zaizkie. Gainerakoak, Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan eta hobiak lokalizatu diren udalerrietako hilerrietan daude.
  • Euskadin eginiko desobiratzeez gainera, beste 9 pertsonaren –jatorriz Euskadiko udalerriren batekoak edo haietako herritarrak– gorpuzkiak berreskuratu dira eta familiei eman zaizkie. Nafarroako Foru Erkidegoan 4 desobiratze egin dira eta beste lokalizazio batzuetan beste 5.

Beatriz Artolazabal sailburuak zifrek erakusten duten errealitatea aipatu du berariaz, eta honako hau gogorarazi du: “biktimak dira, pertsonak, eta duintasunerako eta memoriarako eskubidea dute; familiarteko desagertuei gertatu zitzaienari buruzko egia ezagutzeko eskubidea duten familiak”. Eta, nabarmendu duenez, zifrak gorabehera, pertsona bakarra izan balitz ere, “merezi izango zuen”; izan ere, “biktimak gure memoria-politikaren erdigunea izan dira, dira eta izango dira”.

Hala jasotzen da Nazio Batuetan giza eskubideak babesteko mekanismoetan: behartutako desagertzea jasan duten pertsonak bilatzea eta haien patua argitzea administrazio publikoen betebeharrak dira, nahiz eta salaketa formalik ez egon. Familiartekoek eskubidea dute beren familiartekoei gertatu zitzaiena ezagutzeko.

Hori horrela, Aranzadi Zientzia Elkarteari, Biomics laborategiari, Euskal Prospekzio Taldeari eta eremu horretan elkarlanean jardun duten eta diharduten elkarte guztiei aintzatespena eta esker ona adierazi die egindako lanagatik.

“Gerra Zibileko Euskadiko desobiratzeak” txostena eta web-espazioa

Beatriz Artolazabal sailburuak laburpen gisa eman dituen datuak “Gerra Zibileko Euskadiko desobiratzeak” txostenean jasotzen dira. Aldi berean, web-espazio bat gaitu da, eta, bertan, desobiratzeen mapa geolokalizatua ageri da, desobiratze bakoitzari buruzko informazio laburrarekin.

Txostenak xede horrekin 2001etik eginiko jarduketa guztiak jasotzen ditu: “2015-2020 aldirako EAEko Plana, hobien kokapena ikertzekoa, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatu eta identifikatzeko” planaren emaitzen berri ematen du eta hobien mapa eguneratzen du eta, hala, deskribatu zein diren bideragarriak eta zein ez.

Era berean, urte hauetan Euskadin egin diren desobiratze guztien deskribapen xehatua jasotzen du: 46 desobiratze egin dira, eta, haietan, 110 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira. Haietatik, 27 identifikatuta daude, eta haien familiei eman zaizkie; gainerakoak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan eta hobiak lokalizatu diren udalerrietako hilerrietan daude.

Duintasunaren Kolunbarioa

Duintasunaren Kolunbarioa Elgoibarko (Gipuzkoa) Olaso hilerriaren inguruetan dago, eta, bertan, Gerra Zibilean desagertu ziren eta identifikatu ez diren pertsonen gorpuzkiak daude, bai eta identifikatu diren baina familiartekoek gorpuzkiak kolunbarioan egotea nahi dutenak ere.

Memoriarako espazio hori Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu zuen, 2017ko urtarrilaren 30ean, familiartekoekin, elkarte memorialistekin eta Euskadiko ordezkari publikoekin antolatutako ekitaldi nagusi batean. Espazio horrek atzera ematen die duintasuna erail zituzten eta ahanzteko hilobiratu zituzten pertsona guztiei. Gure herrialdearen memorian merezi duten lekua ematen die. Lehendakariaren hitzetan, “Duintasunaren Kolunbarioak ahanztetik memoriarako pausoa, iluntasunetik argitasunerakoa sinbolizatzen du”.

Hura inauguratu zenetik, 58 pertsonaren gorpuzkiak hobiratu dira berriro bertan; haietako 9 identifikatuta daude.

 

Material osagarria:

-. “Gerra Zibileko Euskadiko desobiratzeak” txostena.

-. Mapa geolokalizatua eta desobiratzeen laburpen-fitxak.

Eskuragarri dagoen ikus-entzunezko materiala:

-. Ekitaldian erakutsi ziren desobiratzeen irudiak jasotzen dituen bideoa.

Aukera dago honako hauei elkarrizketak egiteko:

-. Ekitaldira biktimen familiartekoak eta elkarte memorialistetako kideak bertaratuko dira.

-. José Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea.

-. Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.