Urkulluk bukatutzat jo ditu emakume enpresaburuen euskal elkarteekin bilerak

0

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia AMPEA Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko ordezkariekin bildu da, eta emakumeen talentua zuzendaritza-organoetan sartzea eta eremu maskulinizatuetan emakumeak kontratatzea sustatzeko Sailak abian jarriko dituen neurrien berri eman die. AMPEAk duela gutxi berritu du zuzendaritza-batzordea, eta horiekin jo ditu bukatutzat emakume enpresaburuen elkarteekin izandako bilerak, duela gutxi Bizkaiko eta Gipuzkoako homologoekin izandako bileren ondoren.

Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuorde Alfonso Gurpeguirekin batera, Mendia Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan AMPEAko Lorena Torre presidentearekin, Antonia Pavón presidenteordearekin eta Miren Bilbao gerentearekin bildu da. Bilera hori Lehendakariordeak Euskadiko eragile politiko, sozial eta ekonomikoekin izan dituen harremanen barruan kokatzen da.

Topaketan, Mendiak AMPEAko ordezkariekin partekatu ditu Lan eta Enplegu Sailak diseinatu dituen eta legealdi honetan abian jarriko dituen neurriak. Zehazki, emakumeen ekintzailetzari eta enpresetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeari emango zaion bultzada nabarmendu du. Horretarako, orain arte ez zegoen dirulaguntzen agindu berri bat gaituko da, 100.000 euroko zuzkidura izango duena.

Era berean, jakinarazi die Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez eremu maskulinizatuetan emakumeak prestatzeko eta kontratatzeko programa bat sortuko dela. Programak hasiera batean milioi bat euroko aurrekontua izango du, eta horren helburua da emakumeek gaur egun ordezkaritza txikia duten lanpostuetarako sarbide handiagoa izatea, bereziki industria-sektorean.