Alfonso Gurpegui enpleguko sailburuordearen ustez, enplegua kalitatez berreskuratzen hasteko baldintzak betetzen dira

0

Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak uste du baldintzak betetzen direla Euskadin kalitatezko enplegua berreskuratzen hasteko. Otsailean erregistratutako langabezia-datuak gaur ezagutu ondoren, sare ekonomikoa «erresistentzia-gaitasun oso sendoa» erakusten ari dela uste du. Nahiz eta «urte oso gogorra izaten ari den eta gaizki pasatzen ari diren enpresak eta langileak dauden», sailburuordeak adierazi du hil honetan enplegua berreskuratzeak krisirik gabeko beste urte batzuetako otsailen antzeko intentsitatea duela.

Otsailean, 129.028 pertsonak bilatzen zuten lana Euskadin, hau da, urtarrilean baino % 1,30 eta 1.702 pertsona gutxiago, LANBIDEn erregistratutako datuen arabera. 2020ko otsailean baino 11.789 pertsona gehiago dira, baina krisirik izan ez den beste urte batzuetako enpleguaren antzeko intentsitateko susperraldia ere izan da.

Oraingo honetan, urte arteko datua bereziki garrantzitsua da; izan ere, pandemia hasi zenetik, 2020ko otsaila izan da erreferentzia, joeren analisiaren azken hilabetea, eta horren ondoren alarma-egoera eta ondorengo konfinamendua adierazi ziren. Une horretatik aurrera, gaixotasuna kontrolatzeko erabakiek ekonomian eta enpleguan eragiten zuten inpaktu handia islatzen zuten datuak gertatu ziren. Datu horietan guztietan kontuan hartu behar zen ERTEek eragin zuten moteltzea, Euskadin 180.000 pertsona baino gehiago onartu baitziren. Hala eta guztiz ere, ezin izan zen saihestu enpleguaren zati bat suntsitzea, abuztuan 146.450 langabe izan baitziren.

Gaur egun 129.028 dira enplegurik ez dutenak, duela urtebete baino 11.789 gehiago. Datu horiek adierazten dute lan-merkatuak pandemiaren, behin-behinekotasunaren eta nahi ez den partzialtasunaren aurreko egiturazko arazoak islatzen jarraitzen duela. Gobernu honek ez du etsitzen errealitate hori, eta mugatzeko lan egiten du ekitaldi honetan garatuko diren hainbat neurriren bitartez.

Era berean, eta azken 80 urteetan krisirik okerrena jasaten aritu arren, abuztutik aurrera egiaztatu da enpleguak pandemiaren lehen hiletan ez bezalako portaera izan duela, eta, batez ere, aurreko krisialdietan izandakoaren oso bestelakoa. 2008ko krisia baino lehen, otsailean langabeziak gora egin zuen, krisialdiko urte horietan ere egin zuen bezala. Aitzitik, 2015etik behera egin du langabeziak otsailean (2017an hautemandako gorakada txikia salbu), baina hil honetan erregistratutakoa baino neurri txikiagoan. Gaur egun duela urtebete baino %10 langabe gehiago daude, baina duela urte erdi baino %62 gutxiago.

Horri guztiari datu kezkagarri bat gehitu behar zaio: 850 pertsona gehiago dira diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, batez ere langabeak. Horrek esan nahi du orain arte baliatu diren gizarte-ezkutuko beste baliabide batzuk agortzen ari direla, batez ere iraupen luzeko langabeentzat.

Datu horiek guztiak kontuan hartuta, Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuorde Alfonso Gurpeguik honako hau adierazi du: «Egoera oso larrian jarraitzen dugun arren, sare ekonomikoak erresistentzia-gaitasun oso sendoa erakusten du oraindik ere, eta pandemiak ahalbidetzen duen neurrian enplegua berreskuratzeko administrazioen neurri desberdinekin laguntzen da». Horrek gaineratzen duenez, «Etorkizun hurbilean sakondu nahi dugun bidea da, non txertoen hedapenak, herritar guztien osasuna babesteaz gain, behin betiko akuilua izan behar duen, galdutakoa berreskuratzeko ez ezik, enplegu sendoago eta kalitate hobekoekin zuzentzeko ere».

«Badakigu ekonomia sufritzen ari dela eta enpresa batzuek zailtasun bereziak dituztela eta kaleratzeak aurreikusten dituztela. Badakigu, halaber, beste batzuk enplegua sortzea aurreikusten duten etorkizuneko proiektuetan daudela. Jaurlaritzari dagokio lanpostua galtzen dutenak lehenbailehen berreskuratzeko baldintzak sortzea, eta horixe ari gara adosten gizarte-eragileekin «, esan du.