Eusko Jaurlaritzak irrati mugikorreko ekipamendu eramangarriak eta azkar zabaltzeko karpak banatuko dizkie tokiko boluntario-elkarteei

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritza gaur hasi da banatzen Bizkaiko Mungia herrian larrialdietarako azkar zabaltzeko 12 karpa Euskadiko Babes Zibileko tokiko boluntario-elkarteei. Boluntariotzako Aholku Batzordeak sustatutako ekimenari joan den urtean eman zitzaion hasiera, eta beste 12 karpa banatu zituzten kolektiboak larrialdien arloan ezinbestekoa den erreminta bat izan dezan. Erraz muntatzen diren karpa sendoak dira, eta, gainera, ezagutzeko moduko irudi bateratu bat ematen dute diseinuaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren eta 112 SOS Deiak zerbitzuaren logo ofizialak baitituzte.

Azkar zabaltzen diren larrialdietarako karpak 3 m x 4,5 m-koak dira (13,50 m2-ko azalera erabilgarria dute), eta aluminiozko egitura tolesgarria dute. Bestalde, sabaia urdina dute eta hormak laranja kolorekoak, erresistentzia handiko ehunez eginda daude, eta, gainera, iragazgaitzak dira eta suaren kontrako tratamendua dute. Kremaileraz hornitutako horma/atea dute, behar izanez gero perimetro osoa itxi ahal izateko. Era horretako karpak minutu eskasean muntatzen dira, eta erraz garraia daitezke tamainaz txikiak direnez.

Bihar, asteazkena, martxoak 3, karpa horiek banatzen jarraituko dute, eta kasu honetan Barakaldoko eta Ordiziako tokiko elkarteei banatuko dizkiete, eta martxoaren 4an Balmasedako, Amurrioko eta Urduñakoei.  Horrela, datozen egunotan joango dira karpa guztiak banatzen Euskadiko tokiko 26 elkarte eta taldeak hornitu arte.

Irrati mugikorreko ekipamendu eramangarriak

Bestalde, Eusko Jaurlaritza gaur hasi da banatzen Laudion eta Mungian Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen tokiko elkarteentzako irrati mugikorreko ekipamendu eramangarriak. Boluntariotzako Aholku Batzordearen azken bileran onartutako ekimen bat da, eta ekipamendu berriak ENBOR SAREA Segurtasun Publikoaren Sarean integratuta daude.

Bihar, asteazkena, Barakaldoko, Zarauzko, Pasaiako, Errenteriako eta Ordiziako boluntario-elkarteei banatuko dizkiete ekipamenduak, eta hilaren 4an, etzi, Balmaseda, Amurrio eta Urduñakoei. Horrela, datozen egunotan joango dira ekipamendu guztiak banatzen Euskadiko tokiko 26 elkarte eta taldeak hornitu arte.

Tokiko Boluntario Elkarteak

Boluntarioen elkarteak ezinbestekoak dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman, herritarrek babes zibileko lanetan parte-hartzea bideratzen baitute. Haien laguntza desinteresatuari, konpromisoari eta kualifikazio altuari esker, gure Erkidegoak segurtasun-maila handiagoa du. Gaur egun 400 baino gehiago dira Euskadiko boluntarioak.