Josu Erkoreka eta Carmen Calvo Moncloan elkartu dira

0

Eusko Jaurlaritzako Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak eta Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Berdintasuneko ministro Carmen Calvok lan-bilera egin dute Moncloan.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Pedro Sánchez presidenteak joan den urtarrilaren 25ean Moncloan egin zuten bileraren jarraipena izan da gaurkoa, bilera hartan adostu baitzuten harremanetarako bigarren maila bat sortzea bi gobernuen intereseko gai politiko eta instituzionalei heltzen laguntzeko.

Sintonia giroan eta lankidetza instituzional osoa erakutsiz egin den bileran garrantzizko hainbat gai aztertu dituzte, besteak beste, Euskadiko autogobernuaren garapena, koronabirusaren aurkako borroka eta Europako funtsak.

Lehen lehendakariordeak eta lehen presidenteordeak Gernikako Estatutua garatzen jarraitzeko konpromiso instituzionala eta eskualdatu gabe dauden transferentzien kronograma betetzeko borondatea berretsi dute. Alde horretatik, bihar, asteazkena, elkartuko dira, Miquel Iceta Lurralde Politikako ministroa eta Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua.

Koronabirusa

Koronabirusaren aurkako borrokari dagokionez, bi agintariek egiaztatu dute osasun-krisiari eraginkortasunez erantzuteak duela lehentasuna. Alde horretatik, Covid-19aren kudeaketan kogobernantzak izan duen funtzionamendua aztertu dute, bai eta esparru juridikoa ere.

Europako funtsak

Europako berreskuratze-funtsen kudeaketari dagokionez, Erkorekak eta Calvok adierazi dute ahalik eta eraginkortasunik eta exekuziorik handiena lortu behar dela. Bestalde, adierazi dute bi administrazioen arteko harremanari eutsi egin behar zaiola eta, aldi berean, ekimen pribatuak digitalizazioan, ekonomiaren trantsizio ekologikoan, gizarte- eta lurralde-kohesioan eta ikuspegi argi eta garbi feministan oinarritutako estrategiaren kudeaketan parte hartzea bultzatu behar dela.

Harreman sektoriala sustatzea

Bi agintariak bat etorri dira adieraztean elkarlanean jarraitu behar dela etorkizunak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko. Alde horretatik, presidenteordeak berretsi du Gobernuak konpromisoa hartzen duela Eusko Jaurlaritzako sail eskudunekin aldebiko bilerak egiteko, eta, era horretara, falta diren gai politiko eta instituzionalei erantzuteko bidean aurrera jarraitzeko.