Bruselak 4 milioi euro eman dizkio Ikerbasqueri 36 ikertzaile kontratatzeko

0

Europako Batzordeak, Ikerbasquek 2007az geroztik Euskadik nazioarteko ezagutza eta ikerketaren arloko gunetzat duen posizionamendua indartzeko egin duen lana aitortu eta ikertzaileak erakartzeko programa hautatu du garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat. Hartara, Ikerbasqueren proposamenak nazioarteko adituek emandako puntuazio gorena lortu du, 100 puntutik 99,4. Orotara 148 proposamen ebaluatu dira.

Ikerbasquek hurrengo 4 urtetan 100 ikertzaile kontratatzeko asmoa dauka, hoietatik 36 Europako Batzordeak finantziatuko ditu 4 milioi eurokin. Mundu osoko eta jakintza arlo guztietako ikertzaileak izango dira hauek eta datozen lau urteetan Euskadin ikertzeko aukera izango dute.

Europak kualifikazio handiko ikertzaileak behar ditu Europako Ikerketa Eremua (EIE) garatzeko. COVID-19ak eragindako pandemiak ondorio larriak izan ditu ikertzaile gazteengan, kolektibo honen lan-aukerak nabarmen murriztu direlarik. Europako Batzordearen iritziz, argi dago ez dela inondik inora galdu behar zientzia eta teknologiaren etorkizuna irudikatzen duen ikertzaileen belaunaldi hau.

Horren kariaz, Europako Batzordearen laguntza ikertzaile gazteen kontrataziora bideratuko da nagusiki, eta arreta berezia emango zaie emakumeak kontratatzeari eta Euskadin prestatu eta une honetan atzerrian ikertzen diharduten ikertzaile gazteak erakartzeari. Kontratatutako ikertzaileek Euskadiko 24 unibertsitate eta ikerketa-zentrotan lan egingo dute, hainbat jakintza-arlori lotuta: medikuntza, biozientziak, zientzia kimikoak, matematika, fisika, teknologia, ingurumen-zientziak, ekonomia, hizkuntzalaritza edo psikologia.

Laguntza honi esker, Ikerbasquek, egun munduko edozein lekutan lan egiten duten 36 ikertzaile erakarri eta hainbat arlotan eta Euskadiko hainbat ikerketa-zentrotan lan egiten duten lehen mailako 290 ikertzailerekin osatutako sarean txertatu ahal izango ditu. Era berean, Ikerbasquek bere gain hartu du ikertzaileei karrera egonkorra eskaintzeko konpromisoa. Lanpostu horiek 5 urteko epea eskaintzen diete zientzialariei ikerketa garatzeko, eta horren ondoren, norberaren jardunaren arabera, ikertzaile-lanpostu iraunkorra lortzeko aukera izango lukete.

Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak “europar laguntza honen garrantzi handia” nabarmendu du, “talentua erakartzeko euskal estrategiari emandako babesagatik zein laguntzaren ekarpen ekonomiko handiagatik. Europaren laguntza honen bitartez, Euskadi zientziaren arloko europar erreferentetzat finkatu da; nazioartean, ikerketa aurreratuko eskualdetzat aitortu gaituzte dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeak tarteko direla, izan ere, baldintza egokiak betetzen ditugu nazioarte mailako ikerketa garatu ahal izateko”.

Laguntza honi atxikitako lehenengo deialdia martxoaren 10era arte egongo da zabalik: 3 eta 10 urte bitarteko ikerketa-esperientzia duten mundu osoko eta jakintza-arlo guztietako ikertzaileek IKERBASQUEren webgunean (www.ikerbasque.net) aurkez ditzakete eskabideak. Jasotako hautagaitzak sakon-sakon aztertuko dira, Europako Batzordeak ezarritako bikaintasun zientifikoko irizpideetan oinarritutako nazioarteko ebaluazio-prozesu baten bitartez. Nazioarteko zientzialari-talde batek aukeratuko ditu hautagairik onenak.

IKERBASQUE Eusko Jaurlaritzak ikerketa zientifikoaren alde egin duen apustuaren eta duela zenbait urtez geroztik autonomia-erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek ondu duten aliantzaren emaitza da. Euskadi I+G arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan laguntzeko asmoz, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.