“Ane” eta “Akelarre” filmen zortzi Goya sariek euskal zinemagintzako profesionalen talentua erakusten dute

0

Euskal zinemak Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ematen dituen zortzi Goya sari jaso zituen. Pandemiak markatutako ez ohiko zeremonia batean filmik sarituena “Akelarre” izan zen. Pablo Agueroren filmak bost Goya sari jaso zituen: efektu berezi onenak, makillaje eta ile-apainketa onenak, jantzien diseinu onena, musika original onena eta zuzendaritza artistiko onena. «Ane» filmak berriz, hiru Goya sari jaso zituen tartean emakumezko aktore protagonista onenaren saria Patricia Lopez Arnaizentzat eta emakumezko aktore berri onenaren saria Jone Laspiurrentzat. Gainera, David Perez Sañudok zuzendutako filmak gidoi egokitu onenaren saria ere irabazi zuen.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ETBri egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, «gau pozgarria izan zen euskal zinemarentzat, eta bereziki euskaraz egindako zinemarentzat, eta Ane eta Akelarre  filmek jasotako sariengatik. Goya sarietan izendatuta eta sarituta dauden euskal filmek euskal zuzendari, gidoilari eta interpreteen eta gure musikari eta musikagileen sormen talentua eta euskal ekoizle profesional eta enpresen ekoizpen gaitasuna agerian uzten dute». Gainera, Zupiriak azpimarratu duenez, «bi euskal film sarituenak euskaraz filmatutako filmak dira. Emakumezko aktore onenaren saria euskarazko film bateko protagonistari eman dioten lehen aldia da». Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, «sari hauek balio berezia dute, COVID-aren ondorioz urte zaila izan delako, non ez den erraza izan filmak aretoetan estreinatzea eta filmei euren bidea egitea kostatu zaielako».

Bingen Zupiriak, halaber, zinemaren euskal sistema bat izateak gure herriarentzat eta gure kulturarentzat duen garrantzia azpimarratu nahi izan du “non aktoreek, gidoilariek, zuzendariek, musikariek, musikagileek, arlo artistiko eta sortzaile guztietako profesionalek, enpresa ekoizleek, Donostiako Zinemaldiak eta EiTBk parte hartzen duten, eta erakunde publikoen eta euskal telebista publikoaren babesa eta konpromisoa duen. Urte zail honek euskal zinemagintzan utzi duen uzta bikaina ospatzeko unea da «.