Erakundeek martxoaren 3ko biktimen Zentro Memoriala sustatzeko gizarte-ekimenaren babesa dute

0
PRUEBA

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean martxoaren 3ko Biktimen Zentro Memoriala sustatzeko proiektuak gizarte-ekimenaren babesa duela azaldu du. Pasa den urtarrilaren 29an, bilera bat egin zuten Vitoria-Gasteizko Udaleko, Arabako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Apezpikutzako ordezkariek eta Memoria Garako ordezkariek, eta, bileran, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria izan ziren.

Beatriz Artolazabalek esan duenez, “zuhurtziaz lan handia egin dugu eta egiten jarraituko dugu”. Elkarrizketan jarraituko dugu beste lan-topaketa batean; datorren asterako dago topaketa programatuta, alde guztien artean. “Biktimekin, Memoria Gararekin eta biktimak kide ziren sindikatuekin dugun harremana arina da”, esan du.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak martxoaren 3ko biktimen aintzatespenari eta erreparazioari buruz eginiko interpelazio bati erantzuteko, sailburuak orain proiektua sustatzeko jarraitu beharreko lan-ildoen xehetasunak eman ditu: espazioa erabilgarri jartzea eta, horretarako, egungo erabilerak bertatik ateratzea; Apezpikutzak tenpluaren erabilera lagatzeko baldintzak zehaztea; entitate juridikoa eratzea; beharrezko eraikinaren eta obra zibilaren egoerari buruzko diagnostikoa egitea, eta proiektua eta hartan gizarte-ekimenaren parte-hartzea zehaztea.

Artolazabalek nabarmendu duenez, “martxoaren 3ko memoriak guztiontzako memoria izan behar du, demokratikoa eta bizikidetzarakoa”.

1976ko martxoaren 3ko biktima hilek -Pedro Mari Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo García eta Bienvenido Pereda Moral- eta egun hartan zauritutako ehunka pertsonek “gure oroitzapenean urtean jardunaldi bat baino askoz ere gehiago merezi dute.  Memoria bizia izatea merezi dute. Egiarako, memoriarako, aintzatespenerako, erreparaziorako eta justiziarako eskubideagatik. Eta, guztion artean, memoriadun etorkizuna eraiki nahi dugulako, etorkizun baketsua eta askatasunekoa”, esan du sailburuak.

45 urte igaro ondoren, Artolazabalek esan du “denbora gehiegi dela egia ofizialik gabe. Denbora gehiegi Estatuak egin beharreko autokritikarik eta erantzukizunik hartu gabe, polizia armatuak Vitoria-Gasteizen martxoaren 3 hartan indarkeria bereizi gabe eta legez kontra erabiltzeagatik”.

Pasa den otsailaren 18an, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Gasteizko Elizbarrutiak publiko egin zuten haien akordioa, Zaramagako San Frantzisko Asiskoa elizan egoteko martxoaren 3ko biktimen zentro memoriala.